Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maritain, Jacques

Frantses filosofo katolikoa (Paris, 1882 - Okzitaniako Tolosa, 1973). Filosofia ikasketak bukatu ondoren katoliko egin zen. Bergsonen filosofiaren eta materialismo ororen aurkari sutsua izan zen; Tomas Akinokoaren filosofiaren interpretazio berri bat eskaini zuen, humanismo kristau berri baten ildotik. 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Hego Euskal Herriko katoliko abertzaleen jokabidearen aldeko izan zen Frantzian, kristau integristen aurka, eta harreman estuak izan zituen gerraondoan erbestean zeuden euskal buruzagi batzuekin, Agirre lehendakariarekin, besteren artean. Filosofia, politika, estetika eta egunoroko arazoei buruz idatzi zuen. Obra nagusiak: De la philosophie chrétienne (1933, Kristau filosofiaz), Humanisme intégral (1936, Humanismo bete-betea), Principes d’une politique humaine (1944, Giza politika baterako oinarriak), Intuition créatrice en art et en poésie (1962, Sorkuntzarako sena artean eta poesian).