Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maria Medicikoa

Nafarroako eta Frantziako erregekidea 1600-1610 urteetan (Florentzia, 1573 - Kolonia, 1642). Frantzisko Medicikoa Toscanako duke handiaren alaba zen eta Henrike III.a Nafarroako eta IV.a Frantziakoarekin ezkondu zen 1600ean. 1610ean senarraren hilketan parte hartu izana leporatu zioten batzuek. Erregeorde gisa agindu zuen 1610-1617. urteetan. Leonora Galigai eta Concino Concini senar-emazte italiarrek eragin handia izan zuten urte horietan guztietan, eta Concini hilarazi zuen 1617an Maria Medicikoaren seme Luis XIII.a erregeak. 1620an amaitu zen amaren eta semearen arteko gerra, eta Luynes erregearen ministroa hil ondoren (1621), Maria Medicikoa semearekin adiskidetu eta Richelieu kardinala sarrarazi zuen erresumako kontseilu nagusian. Richelieuk zuen gero eta aginpide handiagoak biziki kezkatu zuen eta hura hiltzea erabaki zuen. Huts egin zuen saioan (Journée des Dupes «Petzeroen Eguna» 1630) eta Kolonia aldera jo zuen ihesi.