Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maradona, Diego Armando

(“El Pelusa” eta “Pibe de Oro” deitua). Argentinar futbol jokalaria (Buenos Aires, 1960). Hiru aldiz izendatu dute Hego Amerikako futbolaririk onena (1979, 1980 eta 1986) eta historiako futbolaririk handientzat hartua da, Pelé eta Di Stefanorekin batera. Txikitan hasi zen futbolean, eta 12 urterekin ligako bederatzigarren mailan hasita, bi urtean lehenengo mailara iritsi zen. 1977an debuta egin zuen Argentinako selekzio nagusiarekin. Argentinos Juniors-en lehen mailan jokatu ondoren, Boca Juniors-era aldatu zen. Bi denboraldiz jokatu zuen talde harekin, eta bietan lortu zuen liga irabaztea. 1982an Bartzelonak kontratatu zuen; 39 partida jokatu zituen eta gol egile handiena izan zen. 1984an Napolira aldatu zen eta hainbat garaipen lortu zituen talde harekin (Italiako Superkopa, UEFa Kopa, bi liga txapelketa…). 1986an Munduko Txapelketa irabazi zuen Argentinako selekzioarekin, eta une hartako munduko jokalaririk onena zela erakutsi zuen. 1991n, ordea, gainbehera hasi zen bai Napoli taldea eta baita Maradona bera ere. Droga trafikoa eta kontsumoa zela-eta salaketa jarri zioten, eta analisi batean kokaina kontsumitzen zuela antzeman zelarik, zigortu egin zuen Italiako futbol federazioak. 15 hilabetez egon zen futboletik aldenduta eta, azkenean, Sevillara aldatu zuten 1992an, baina hurrengo urtean bota zuten talde hartatik ere. Handik gutxira FIFAk 15 hilabetez lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri zion. Harrezkero entrenatzaile gisa jardun zuen, arrakasta handirik gabe, eta 1995ean Boca Juniors-en hartu zuten, 1997 arte.