Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malaysia

(Izen ofiziala, Malaysiako Federazioa; Malaysieraz, Persekutan Tanah Malaysia). Asiako hego-ekialdeko estatua, Malakako penintsulako hegoaldeko muturrak (Mendebaldeko Malaysia) eta Borneoko uhartearen ipar-mendebaldeak (Ekialdeko Malaysia) osatua. 330.442 km2 eta 27.730.000 biztanle (2008ko estimazioa, malaysiarrak). Mugak: Mendebaldeko Malaysiaren iparraldean Thailandia; hegoaldean Singapur; mendebaldean Malakako itsasartea, eta ekialdean Txina Hegoaldeko Itsasoa; Ekialdeko Malaysiaren iparraldean eta mendebaldean Txina Hegoaldeko Itsasoa; ekialdean Celebes itsasoa eta hegoaldean Indonesia. Hiriburua: Kuala Lumpur (1.145.075 biztanle). Hiri nagusiak: Ipoh, Pinang, Johor Baharu, Petaling Jaya. Hizkuntza ofiziala: malaysiera. Erlijioak: musulmanak, % 60,4; budistak, % 19,2; kristauak, % 9,1; hinduistak, % 6,3; txinatar erlijio tradizionalak, % 2,6. Gizatalde nagusiak: malaysiarrak % 50,4; txinatarrak, % 23,7; indigenak % 7,1. Dirua: ringgit-a. ■ Biztanleak. Malaysian etnia asko bizi dira, eta horren isla da hizkuntzen eta erlijioen aniztasuna ere. Hizkuntza ofizialaz gainera, ingelesa oso zabalduta dago, eta txinatar dialektoak ere erabiltzen dira, baita tamila ere. Biztanleen banaketan gorabehera handiak daude; izan ere Mendebaldeko Malaysian, mendebaldeko kostaldean, bizi dira biztanleen % 83 inguru (han daude herrialdeko hiri nagusiak), eta Ekialdeko Malaysian berriz (Sarawak eta Sabah), nahiz eta haiek hartzen duten Malaysiako lurren % 60, biztanleen hamarrena inguru bakarrik bizi da han. Bizi itxaropena 74 urtekoa da, eta emakumeko haur kopurua 2,98koa. Biztanleen % 88,7 alfabetatuta daude. ■ Ekonomia. 1990eko hamarraldian zehar, 1996 inguru arte, barne produktu gordina % 8 igo zen batez beste urtero; horrela, munduko hazkunde handienetakoa izan zuen eta Asiako herrialde ahaltsuenen mailara iritsi zen, nahiz eta Asia hego-ekialdeko herrialderik txikienetakoa den hedaduraz. Gorakada hori esportaziorako eskulan industrien (ehungintza, telebista, ordenagailu etab.) eta atzerriko inbertsioen igoerari esker gertatu zen batez ere; munduko osagai elektrikoen lehenengo ekoizlea izatera iritsi zen. Baina 1997an Asian gertaturiko finantza krisiak bete-betean harrapatu zuen Malaysia; barne produktu gordinaren hazkundea –% 7ra jaitsi zen, diruak bere balioaren % 48 galdu zuen eta burtsak hondoa jo zuen. 1999an gainbehera jarraitu zuen Malaysiako ekonomiak. Gauzak horrela, Mahathir Lehen Ministroak bertako dirua babesteko neurriak proposatu eta interes tasak murriztu zituen, ekonomia suspertzearren. Era berean, langabezia jaitsiarazteko 1999. urtean aurrekontuak igoko zirela iragarri zuen gobernuak. Gaur egun ahalegin nagusiak, aurrekontuen defizitari aurre egiteko eta bankuen alorra indartzeko, bertako eta nazioarteko iturrietatik dirua lortzea da helburu nagusia. ■ Malaysiako ekonomian garrantzi handiko jarduera izan da lurpeko aberastasunen ustiapena, petrolioarena eta eztainuarena batez ere; munduko eztainu esportatzaile nagusia izan da garai batean, baina eztainuaren prezioaren beherakadak kalte handia egin zion Malaysiako ekonomiari, eta ekoizpena mugatzeko kuotak ezarri behar izan dira. Garrantzi handiko jarduerak dira, orobat, palmondo olio, zur eta kautxu ekoizpena eta esportazioa. Nekazaritzako gai nagusiak arroza, palmondoa eta, batez ere, hebea dira (kautxua lortzeko lehengaia). Industria gehiena etorkinen esku dago, txinatarren esku batez ere, eta kautxu lantegiak eta zementugintza dira jarduera nagusiak; industriak hartzen du nazio produktuaren erdia inguru, eta langileen % 25 gutxi gorabehera. Turismoak indar handia hartu du azken urteotan (1996an Asiako hego-ekialdeko herrialderik bisitatuena izan zen). ■ Gobernua eta gizartea. Malaysia estatu federala da, eta Commonwealtheko kidea; 13 estatuz osatua da (Johore, Kedah, Kelantan, Melaka, Negeri Sembilan, Pahang, Penang, Perak, Perlis, Sabah, Sarawak, Selangor eta Trengganu). Estatu bakoitzak erabateko autonomia du legegintza gaietarako, eta gobernu lokala dute. Federazioaren erregimena monarkia konstituzionala da; kargua herentziaz jasotzen duten 9 estatutako buruzagien artean aukeratzen dute bost urtez behin erregea. Aginpide betearazlea, praktikan, Lehen Ministroak eta ministro kontseiluak du, eta legegilea ere bai, baina funtzio honetarako legebiltzarraren onespena behar dute. ■ Historia. 1511n portugaldarrek Malaka hartu zuten, baina handik mende batera, 1641ean, holandarrek kanpora egotzi zituzten. 1819an britainiarrak kokatu ziren Singapur-en (gaur egun independentea), eta merkataritzagune bat ezartzea lortu zuten. 1824an Ekialdeko Indietako Konpainia ahaltsuaren eskuetan geratu zen merkataritzagune hori, eta holandarrek Malaysian zituzten gune batzuk britainiarrek Sumatran zituztenekin trukatu zituzten. 1867an Malaka, Singapur eta Penang Britainia Handiaren kolonia bilakatu ziren. XIX. mendearen bukaeran txinatarrek Malakara jo zuten. 1896an Perak, Selangor, Negeri Sembilan eta Pahang estatuek Britainiar Babes-Herrien Federazioa osatzea onartu zuten. Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek Malaka hartu zuten, eta malaysiarrek gerrilla antolatu zuten haiei aurre egiteko. Gerra ondoren, malaysiar abertzaleek 1948an Malaysiako Federazioa onar zedin lortu zuten (Singapur federaziotik at geratu zen). Lurraldea britainiar Komisario Nagusi baten mende geratu zen; handik gutxira, egoera hori onartzen ez zuen gerrilla komunista sortu zen; britainiarrek gudarostea bidali zuten gerrillari aurre egiteko, baina irtenbide negoziatuaren beharra ere ikusi zuten. 1955ean egin ziren lehen hauteskundeak. Abdul Rahman-ek irabazi zuen eta Lehen Ministro kargua hartu zuen. Malaysiak 1956ko otsailean autonomia eta, 1957ko abuztuan, Commonwealth erakundearen barnean, independentzia lortu zuen. 1963ko irailaren 16an Malaysiako Federazio berria eratu zen, lehengo estatuez gainera Sabah, Sarawak eta Singapur-ez ere osatua. 1963-1966 urteetan istiluak izan ziren Malaysiaren eta Indonesiaren artean, Indonesiak (Sukarno-ren lehendakaritzapean) ez baitzuen begi onez ikusten Borneoko lurraldeak Malaysiako federazioan sartzea. 1965ean Singapur federaziotik banandu eta estatu independente bihurtu zen; hurrengo urtean komunistei aurre egiteko hitzarmena izenpetu zuten bi nazioek.  Malaysiako estatua sortu zenez geroztik, arazo larriak izan dira etnien arteko elkarbizitza zela-eta. 1969 arte Aliantza Nazionala alderdi kontserbadorea izan zen agintean, baina urte hartan indarra galdu zuen Alderdi Islamiarraren eta batez ere txinatarrez osatua zen Ekimen Demokratikoaren Alderdiaren mesedetan. Egoera politikoa oso nahasia zen eta agintariek legebiltzarra desegin zuten 1971 arte herrialdearen gaineko kontrola berreskuratzearren. 1971n Tun Abdul Razak aukeratu zuten Lehen Ministro. Tun Abdul Razakek Aliantza zabaltzeko erabakia hartu zuen, alderdi nagusiak bilduz, eta malaysiarrei ekonomian eskumen handiagoak emateko neurriak hartu zituen, horrela etnien arteko arazoak baretuko zirelakoan. Neurri ekonomiko horiek indarrean iraun dute 1991 arte, baina tartean hainbat arazo sortu dira, besteak beste txinatarrek beren kontrako diskriminazioa salatu izan dutelako etab.; 1980ko hamarraldiaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, adibidez, gatazka larriak sortu ziren gobernu federalaren eta Sabah eta Sarawak estatuen artean, batez ere bi lurralde horietako etniak beren ekonomia bilakaera mantsoaz kexu zirelako, eta bi estatu horietan oposizioa atera zen irabazle estatuko gobernurako. 1971n sorturiko koalizio berrituari Fronte Nazional izena jarri zitzaion, baina bai Aliantzan eta bai Frontean UMNO alderdia izan da beti eragin gehien izan duena. 1981ean, aurreko agintaldian bezala, UMNOko burua hautatu zuten Lehen Ministro; Mahathir bin Mohamad zen garai hartan buruzagia, eta bera izan zen lehenengo agintari ez aristokrata. Politika islamista egin zuen, baina muturreko talde musulmanen kontrako zapalkuntza bideratu zuen. 1994an Tuanku Jaafar izendatu zuten federazioko errege. 1996an, ordea, Asiako krisi ekonomikoak Malaysian izan zuen eragin izugarriaren ondoren, gainbehera etorri zen Mahathir bin Mohamaden gobernua. Hainbat istilu sortu ziren, besteak beste Ibrahim Anwar Lehen Ministrorde eta Mahathirren arerio zenarekin. Mahathirrek bere kargutik bota zuen Anwar, eta horrek zatiketa handia sortu zuen gobernuan eta gizartean, gertaera hura aitzakia harturik. Lehen Ministroaren dimisioa eta sistema politikoaren benetako demokratizazioa eskatzen zuten herritarrek eta zapalkuntza gogorra bideratu zuen Mahathirrek. 1999an, giro politiko eta sozial oso nahasia eta ezegonkorra zela artean, Sultan Salahuddin Abdul Aziz Shah Alhaj Ibni Almarhum Sultan Hishamuddin Alam Shah Alhaj izendatu zuten errege. 2003an Mahathir erretiratu egin zen eta Abdullah Ahmad Badawik hartu zuen haren kargua. 2007an hauteskunde erreformen aldeko herri protestak izan ziren, indarrean zegoen hauteskunde sistemak 1957tik agintean zegoen Barisan Nasional alderdiari mesede egiten ziola-eta. ■ Azpimarratzekoa da Malaysian gero eta indar handiagoa hartzen ari direla gizarte eragile eta elkarteek, batez ere giza eskubideen aldekoek eta ingurumenaren arazoez kezkatzen direnek; horrela, hondamendi ekologikoen aurrean, esaterako, lan handia egin dute ekologistek, basoen soiltzea eta nahita eragindako suteak salatuz, besteak beste.
http://www.gov.my/