Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malawi

(Izen ofiziala, Malawiko Errepublika; Antzinako izena, Nyasaland). Afrikako hego-ekialdeko estatua. 118.484 km2 eta 13.931.813 biztanle (2008ko estimazioa, malawiarrak). Mugak: Tanzania iparraldean; Mozambike ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean, eta Zambia mendebaldean. Hiriburua: Lilongwe (395.500 biztanle). Hiri nagusiak: Blantyre, Mzuzu. Hizkuntza ofizialak: ingelesa, chewera. Etniak: etnia bantuak, % 92,5; besteak, % 3,4. Erlijioak: kristauak, % 80; musulmanak, % 13; ateoak (bertako erlijioen jarraitzaileak talde honetan sartuta), % 4. Dirua: kwacha. v  Munduko herrialderik atzeratuenetakoa da, ekonomiari dagokionez, eta biztanle dentsitate handienetakoa du.  v  Orografia eta hidrografia. Malawiko lurraldeak 837 km-ko luzera eta 10-160 km bitarteko zabalera du. Lau parte nagusi bereizten dira: a) Afrikako Ekialdeko Rift Haranak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du Malawiko ekialdea, Nyasa (edo Malawi) aintzira eta Shire ibaiaren ibarra barne. b) Erdialdeko ordoki zabalak 760-1.370 m bitarteko garaiera du, eta lurraldearen hiru laurdenak hartzen ditu. c) Lur garaiak dira Nyika-ko eta Viphya-ko goi-ordokiak iparraldean, eta Shire ibaiak alderik alde igarotzen duen eremua hegoaldean (Shire-ko lur garaiak). d) Sumendi jatorriko mendi multzo bakartuak hegoaldean: Zomba eta Mulanje (Sapitwa gailurra, 3.002 m). Nyasa aintzira, Afrikako hirugarrena neurriari dagokionez, munduko aintzira luzeen eta sakonenetako bat da; Shire ibaiaren bidez Zambezi ibaira isurtzen du ura. Nyasa-ren hego-ekialdean Malonbe eta Txilwa aintzirak daude.  v  Klima, landaredia eta animaliak. Klima ekuatoriala du Malawik, eta montzoi haizeek eragin handia dute lurralde osoan. Bi sasoi nagusi bereizten dira urtean zehar, lehorra bata, maiatzetik urrira, eta hezea bestea, azarotik apirilera. Urtean, batez beste, 2.300 mm euri izaten da iparraldeko goi-ordokian, eta 650 mm, berriz, behe lurretan. Urteko batez besteko tenperatura 21-29 °C artekoa da behe lurretan, eta 14-21 °C artekoa lurralde garaietan. Landaretzari dagokionez, oihanek eta basoek hartzen dute lurraldearen laurden bat gutxi gora-behera: sabana da ordoki elkorretan, eta banbuak, arkaziak eta hango beste zuhaitzak lur garaietan. Iparraldeko goi-ordokian ekualiptua, pinua eta zedroa landatu dira haien zura ustiatzeko. Bestalde, Malawiko fauna ugaria da; babes-eremuetan eta parkeetan bizi dira animaliak; horien artean, Kasungu Parkea da aipagarriena. ■ Biztanleak. Malawik Afrikako kontinenteko biztanle dentsitate garaienetakoa du (118 bizt./km2). Haurren heriotza tasa altua da, biztanleriaren hazkunde tasa % 2, 39koa eta bizi itxaropena oso txikia, 43,45 urtekoa. Ia % 40ko analfabetismoa du. Beste hainbat gaixotasun infekziotsuk ere kalte handiak egiten dituzten arren, urtean batez beste 84.000 lagun hiltzen dira HIESAk jota eta biztanleen % 14,2 dago gaixotasun horrek kutsatuta. Biztanleen jatorriari dagokionez, biztanleen % 99 inguru Afrikako beltzak dira, bantu etnia sailekoak gehienak, marawi (hortik datorkio izena herrialdeari), iomwe, ngoni eta yao etnietakoak. Hizkuntza ofizialez gainera bertako hizkuntza bantuak ere erabiltzen dira. Biztanle gehienak (% 85 inguru) herrietan bizi dira. ■ Ekonomia. Malawi da ekonomiari dagokionez munduko herrialderik atzeratuenetako bat; 1990eko hamarraldiaren hasieran biztanleen % 54 baino gehiago bizi ziren pobretasun mailaz behetik. Nekazaritza da ekonomiaren oinarria; nekazaritzak hartzen du barne produktu gordinaren % 45 eta esportazioetatik ateratzen diren irabazien % 90 (tea, tabakoa, mania, azukrea). Nekazaritzako gai nagusiak artoa, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak dira. Tradizioz bertako beharrak asetzeko lain atera izan dute Malawin (Malawiko lurra da Afrika hego-erdialdeko emankorrena), baina 1990eko hamarraldiaren hasieran elikagaiak eskuratzeko arazoak sortu ziren lehorte larri baten eraginez. Lurpeko aberastasunak ez dira behar bezala ustiatzen, ez dutelako gai horiek saltzera itsas portuetara eramateko biderik, eta industria oso atzeratuta dago (ekonomia jardueraren % 20ra ez da iristen). Iraupen ekonomia da, eta kanpo zor handia du herrialdeak. 1992tik 2005era bitartean, biztanleko BPGak behera egin du. Hori dela-eta, kanpoko laguntzen mende dago Malawiko ekonomia, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren emaitzen eta zenbait herrialdek beren aldetik egiten dituzten emaitzen mende. Hauek dira herrialdearen erronka nagusiak, ekonomiari dagokionez: esportazioak areagotzea, osasuna eta hezkuntza sendotzea, erosioa eta baso soiltzea ekiditea, eta HIESaren hazkundea geldiaraztea. ■ Gobernua eta gizartea. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1994an idatzi eta 1995ean sartu zen indarrean, eta 1998an berridatzi zen. Konstituzio horren arabera errepublikako lehendakaria da estatu eta gobernu burua, eta bost urtez behin aukeratzen da. Aginpide legegilea biltzar nazionalaren esku dago. Lurralde antolaketari dagokionez, 3 eskualde bereizten dira, Iparraldekoa, Erdialdekoa eta Hegoaldekoa, eta 24 administrazio barrutitan daude banatuak. ■ Historia. K.o. I. mendetik IV. mendera bitartean bantu hizkuntzaz mintzatzen ziren herriak finkatu ziren lurraldean. Bantuek sortu zituzten lehen erreinuak, eta hala, 1480an, Maravi Konfederazioa sortu zuten, gaur egungo Malawiren erdialdea eta hegoaldea hartzen zuena. XVI. mendean iritsi ziren lehen esploratzaile portugaldarrak. 1600. urte inguruan, ngonde herriak erreinu bat sortu zuen Malawiko iparraldean; halaber, XVIII. mendean, Malawiko aintziraren ekialdeko ertzetik joandakoek Txikulamayembe erreinua sortu zuten. XVIII-XIX. mendeetan esklaboen salerosketak indar handia zuen. XIX. mendearen hasieran swahili eta yao herriak finkatu ziren lurraldean. 1859an David Livingstone britainiar esploratzailea Nyasa aintzirara iritsi zen, eta kristau erlijioa zabaltzen hasi zen. Hala, 1880-90 bitarteko urteetan misio etxeak sortu ziren. 1891n Britainiarren babes-herri bihurtu zen lurraldea; Nyasaland izena ezarri zioten. 1953an, Ipar eta Hego Rodesiarekin batera (gaur egungo Zambia eta Zimbawe, alegia), konfederazio bat sortu zuen, 1963an desegin zena. 1964ko uztailaren 6an independentzia lortu zuen. Estatu berriak Malawi izena hartu zuen eta errepublika bihurtu zen 1966an, Hastings Kamuzu Banda Lehen Ministroak lehendakaritza lortu zuenean. 1971n hil arteko lehendakari izendatu zuten Hasings Kamuzu Banda diktadorea eta bera egon zen agintean, harik eta 1993an, nazioarteko presioaren eraginez, alderdiak legeztatu eta hauteskunde libreak egin ziren arte. Izan ere Banda lehendakaria oso gaixo zegoen eta gobernuak hauteskundeak deitu behar izan zituen haren ondorengoa aukeratzeko; era berean konstituzioa aldatzeko erreferenduma egin zen, eta baiezkoa atera zelarik, konstituzio berria idatzi, alderdi politikoak legeztatu eta bi ganberaz osaturiko legebiltzarra (nazio biltzarra eta senatua) osatu zen. Bandaren agintaldian ekonomia suspertzeko ahalegin handiak egin ziren eta harreman onak izan zituen zurien agintepean zeuden herrialdeekin, besteak beste Hegoafrikako Errepublikarekin; apartheid politikaren erabiltzaileekiko harreman onek kritika latzak eragin zituzten beste herrialde batzuetako agintari beltzen aldetik, eta Afrikako kontinenteko gorabeheretan eskumen gutxi izan zuen Malawik. 1994ko hauteskundeak deitu zirenean ekonomia nahiko motel zegoen, lehortearen ondorioen eta kanpo zorraren eraginez batez ere, eta gainera bere kontrako jarrera eta kritikak nagusitu ziren, bai Malawin eta bai nazioartean, giza eskubideen kontrako erasoak zirela eta. Horrela, 1994ko hauteskundeetan Fronte Demokratiko Batua atera zen irabazle (UDF) eta haren burua, Elson Bakili Muluzi, izendatu zuten estatuburu. Harrezkero aliantza osatzeko ahaleginak egin dira agintean dagoen alderdiaren, Bandaren agintaldian legezkoa zen alderdi bakarraren (MCP) eta Demokraziarako Aliantzaren (AFROD) artean, baina hainbat tirabira izan dira hiru alderdien artean; tartean oposizioko alderdiek (MCP eta AFROD) bateratzeko ahaleginak egin dituzte, baina Bakili Muluzik agintean jarraitu ahal izan zuen, oposizioak ez baitzuen hasieran batasunik lortu eta bat eginez gero ere, hauteskundeak egin behar izango baitziren. Muluzi lehendakariaren ahalegin nagusia pobretasuna gainditzea izan da, eta azken urteotan garrantzi handiko urratsak egin dira errepublikan demokrazia sendotzeko; trantsizioa indarkeriarik gabe bideratzea zen beste helburuetako bat, baina arazo ekonomikoek kalte handia eragin dezakete. Dena dela, 1998an, Nazioarteko Diru Funtsaren gidaritzapean pribatizazioak bultzatuz, ekonomia egonkortzeko finkaturiko planak huts egin du eta ez dira helburu nagusiak bete: esaterako, barne produktu gordina % 7 igotzea zen helburuetako bat, eta 1998an % 1,1 bakarrik igo zen; inflazioa oso handia da, kanpo zorra ere bai, eta biztanleko per capita errenta urteko 278 dolarrekoa baino ez da. Dena dela, oposizioaren presioa txikitu egin da, herrialdearen arazo larriak ikusirik inork ez baitu, itxuraz, gobernuaren gaineko kontrola hartu eta herrialdea aurrera ateratzeko ahalmenik, eta horrela, 1999ko hauteskundeetan Elson Bakili Muluzi izan zen berriro garaile, MCP eta AFORD alderdiek osatu zuten oposizioko koalizioari aurrea harturik. 2004an Bingu wa Mutharika hautatu zuten lehendakari, nahiz eta iruzurra izan ote zen susmoa zabaldu zen. Gaur egun egoera politikoa nahasia den arren, indarrean jarraitzen du 1993an ezarritako alderdi anitzeko erregimenak.
http://www.malawi.gov.mw/