Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mailer, Norman

Estatu Batuetako idazlea (Long Branch, New Jersey, 1923 – New York, 2007). Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, eta hango bizikizunetan oinarri hartuta idatzi zuen bere lehen eleberria, J. Dos Passosen teknikaren ildotik: The Naked and the Dead (1948, Biluziak eta hilak). New Yorkeko alkatetzarako hautagai aurkeztu zen, eta Estatu Batuetako gizartean gertatu ziren gatazketan parte hartu zuen, MacCarthyren eta Vietnamgo gerraren kontra bereziki. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuetan agertu zen mugimendu errealistak izan zuen idazle garrantzizkoena izan zen, eta bere garaiko gizartearen deskribatzaile zehatza eta artatsua izan zen. Mailer-enak dira besteak beste: The White Negro (1957, Beltz zuria), saioa, Barbary Shore (1951, Barberiako itsasertza), An American Dream (1965, Amets amerikarra), Why are We in Vietnam? (1967, Zergatik gaude Vietnamen?). 1968an, The Armies of the Night (Gaueko osteak) eleberria argitaratu zuen; obra horrekin hasi zen gertakizun errealen kronika egiten, kazetaritzatik oso hurbil. Joera horren eredu garbia da The Executioner’s Song (1979, Borreroaren kantua) eleberria. 1990eko hamarraldian lanean jarraitu zuen. Hala, 1991n, Harlot-eko fantasma argitaratu zuen, CIAri buruzko eleberria. 1996an Oswald idatzi zuen, 800 orrialdeko liburua; Kennedy lehendakariaren hiltzaileari buruzko biografia da. Mailer-en azken eleberria Ebanjelioa Semearen arabera (1997) lana izan zen. Mailer-ek bere lan gehienetan gizartearen aurrean sentitzen zuen samintasuna erakusten zuen, eta bere filosofia liberala adierazten zuen. Gidoiak ere idatzi zituen, eta zenbait filmetan zuzendari eta antzezle lana ere egin zuen. Pulitzer saria irabazi zuen bere saiakera lanengatik.