Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maia Soria, Jon

Gipuzkoar bertsolaria (Urretxu, 1972). Euskal Filologian lizentziaduna da, eta itzulpen lanak egiten ditu, ogibide gisa. Eskolan hasi zen bertsotan, eta Zumaiako Bertso Eskolan trebatu zen gero, Joanito Dorronsoren eskutik. Hiru aldiz iritsi da Txapelketa Nagusiko finalera (1997, 2001 eta 2005). Abestien hitzak idatzi ditu hainbat euskal musika talderentzat. Abeslaria ere bada, eta hiru disko argitaratu ditu Karidadeko benta musika taldearekin. Bestalde, literatura lanak ere egin ditu: 2005ean Riomundo argitaratu zuen, Euskal Herrira iritsitako migratzaileen bizitzan oinarritutako eleberria; eta 2006an, Apaizac obeto, XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek Kanadako Ipar Atlantikoko uretan eginiko balearen arrantzaren kronika.