Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mahoma edo Mahomet

Islamaren sortzailea eta profeta nagusia (Meka, 570 - Yathrib [geroago Medina deitua], 632). Basamortuko nomaden artean eman zuen haurtzaroa, umezurtz geratu baitzen oso gazte zela. Hogeita bost urte zituenean Jadidya alargun aberatsarekin ezkondu, eta muga inguruko Arabiako merkatariekin harremanetan hasi zen. Merkatari izan zen Mekan, eta hango biztanleek jarraitzen zuten betidaniko politeismoaren aurrean, Mekako haitzulo batean izandako agerpen baten ondoren, erlijio monoteista sortu zuen, Ala edo Allah jainko bakarraren fedean oinarritua. Senideak izan zituen lehen jarraitzaileak, eta ondoren esklabo eta beduino asko elkartu zitzaizkion. Mekako hiri aberatsa kontrolatzen zuen Koraitxi leinua kritikatu zuen, eta bere aurka jarri zen. 622. urtearen irailaren 24an, jarraitzaile batzuekin, Mekatik ihes egin behar izan zuen Medinara; ihes hori, Hejira, musulmanen egutegiaren hasiera urtetzat hartzen da harrezkero. Han eite politikoa hartu zuten profetaren ekintzek. Komunitate politiko-teokratiko baten buru bilakatu zen, aldi berean profeta eta agintari zela. Mahomaren lana ez zen jadanik fede berria zabaltzera mugatu. Jarraitzaileen (musulmanen) eta erlijio komunitatearen (islamaren) jokabidea osorik gidatu eta antolatuko zuen lege bat ezarri zuen. Estatu berriaren arrakasta handiagotu egin zen, ordu arte leinuetan sakabanaturik bizi ziren arabiar guztiek bat egitearen aldeko jarrera agertu zutenean. Guztiona izango zen hizkuntza poetikoa izan zen batasun hori aurrera eramateko bidea. Mahomak Medinan egin zuen lanaren helburua islamismoa eta inguruko erlijio monoteistak bereiztea zen, eta, aldi berean, ekintza militar handiak aurrera eramatea fede berriaren arerioen kontra (Yihãd edo Gerra Santua). 630ean garaile sartu zen Mekan, hango idoloak ezabatu zituen, bere erlijio berria ezarri zuen, eta etsaiei barkatu zien; horrek ospe handia eman zion arabiarren artean. 631n beste garaipen batzuk lortu zituen tribu etsaien kontra. 632rako Arabia osoa islamera bihurtua zen. Mahomak izan zuen arrakastaren arrazoiak alde batetik predikurako gaitasuna eta garaipen militarrak izan ziren, eta, bestetik, ordu arte zatikaturik egon zen arabiar herriari egoera horretatik irtenarazteko izan zuen kemena. Ordena politiko eta militar berriak batasun sendoa eta herri zentzua eman zien arabiar leinuei.