Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Magdeburgo

Alemaniako hiria, Saxonia-Anhalt lurraldeko eta izen bereko eskualdeko hiriburua; 289.000 biztanle (1981). Garrantzi handiko ibai-portua da, Elba ibaian, Alemania barneko ubide sarearekin loturik. Meatzaritzako gune aberats baten erdian dago, eta ondorioz industriak indar handia du, metalurgiak batez ere. Horrez gainera, industrian garrantzia dute kimikak, ehungintzak (kotoia), oinetakogintzak eta garagardogintzak. Erregaiak ere egiten dira. Aipagarriak dira XIII. mendeko katedral gotikoa eta XVII. mendeko udaletxea.  v  Historia. VI. mendean sortu zen, eta X. mendean lortu zuen garrantzia, Oton I.a Handiaren agintaldian. XIII. mendean izen handia lortu zuen merkataritzako gune gisa. Herria erreforma onartu (1524) eta Karlos V.aren aurkako borrokan murgildu zen. Hogeita hamar urteko gerran behin baino gehiagotan setiatu zuten. 1631. urtean Tillyk hartu eta erre zuen hiria (20.000 pertsona erre ziren). 1680an Brandenburgoko Marka izenekoaren barruan sartu zen, Westfaliako Bakearen ondoren. 1806an frantsesek hartu zuten, eta Westfaliako erresuma berriaren parte egin zuten, 1813ra arte. 1814an Prusiaren mende geratu zen, Saxoniako probintziaren barruan.  v  Magdeburgo–ko esperientzia. Fis. Otto von Guericke alemaniar fisikariak 1654an, garai hartan Alemaniako enperadorea zen Fernando III.a Habsburgokoaren eta Ratisbonako dietaren aurrean, Magdeburgoko esfera–erdiak erabiliz eginiko hutsari buruzko esperimentua. ik. Guericke, Otto von.