Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maeztu, Ramiro de

Arabar idazlea, gaztelaniaz idatzi zuena (Gasteiz, 1874 - Madril, 1936). Hamabost urte zituela ikasketak bertan behera utzi ondoren, Parisen eta La Habanan bizi izan zen. Espainiara itzuli eta, 1893an, kazetaritzan hasi zen lanean Madrilen, Germinal eta El País egunkarietan. 1899an Hacia otra España argitaratu zuen. 1904an Londresa joan zen bizitzera. Garai horretakoak dira zenbait liburuxka (1911, La revolución y los intelectuales eta Obreros e intelectuales) eta Europako krisialdiari eta Lehen Mundu Gerrari buruzko zenbait lan: Inglaterra en armas (1916) eta La crisis del humanismo (1919, Humanismoaren krisia). Saiakera hoberenen artean Don Quijote, Don Juan y la Celestina (1926) aipa daiteke. Gaztetan anarkismoaren aldekoa bazen ere, ideia atzerakoiak aldeztu zituen ondoren. Espainiako enbaxadore izan zen Argentinan (1928), Primo de Rivera diktadorea aginpidean egon zen garaian. Monarkiaren aldeko jarrera nabarmeneko Acción Española aldizkaria sortu eta bertako zuzendari izan zen. 98ko belaunaldiko idazletzat jo izan da. Hizkuntza Akademiako kide izan zen (1934). Madrilen hil zen, fusilaturik, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean.