Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maeterlinck, Maurice

Belgikar olergikile eta antzerkigile sinbolista (Gante, 1862 - Niza, 1949). Frantsesez idazten zuen eta frantses literatura higikundeetan oinarritu zen batik bat bere lanak idazteko. Lehen lan nagusia Serres chaudes (1899, Negutegi beroak) izan zuen, sinbolismoaren moldeei egokitutako olerki bilduma. Hala ere, entzuterik handiena Pelléas et Mélisande (1892) antzezlan poetikoak izan zuen, drama sinbolistaren maisulantzat, XIX. mendeko drama poetiko nagusitzat jotzen dena, eta Debussyren opera baten libretoa izan zena. Maeterlinckek beste antzezlan batzuk idatzi zituen: Monna Vanna (1902) drama historikoa, L’Oiseau bleu (1908, Txori urdina) eta Le Bourgmestre de Stilmonde (1918, Stilmondeko burgomaestrea). Pixkana sinbolismotik aldendu eta ingeles dramagintzara hurbildu zen, Shakespeare eta Jakobotarrenera, batez ere. Maeterlincken antzezlanak hizkuntza askotara itzuli dira eta eragin bizia izan dute mundu osoan. Maeterlinck, bestalde, prosaz ere idazle aipagarria izan zen. Haren lanetan filosofia ezkortasuna eta izadiarekiko zaletasuna elkarturik agertzen dira. Arimaren hilezintasuna, gizakiak zenbateraino diren beren bizitzetako zoritxarren errudun eta norbanakoen komunikazioa izan ziren Maeterlinck-en gai nagusietako batzuk. Gorabehera mistikoak islatu zituen Les Trésor des humbles (1896, Jende xumeen altxorra) eta La Sagesse et la destinée (1898, Zuhurtzia eta halabeharra) liburuetan. Bestalde, filosofia lan nagusiak hauek ditu: La Vie des abeilles (1901, Erleen bizimodua) eta L’Intelligence des fleurs (1907, Loreen adimena). Ez dira zientzia lan zorrotzak, fabulak eta parabolak baizik. Inurrien bizimoduaz ere idatzi zuen (Lizardik euskarara egokitu zuen lan hori; Jakintza 1933).  v  1911. urtean Literaturako Nobel saria irabazi zuen.