Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maastricht

Holandako hego-ekialdeko hiria, Linburgoko hiriburua; 116.00 biztanle. Maas edo Mosa ibaiaren ertzean dago, Belgikako mugaren ondoan, Liejako Iparraldean, Juliana-Lieja-Maastricht eta Zuid-Willems ubideen elkargunean. Ehun, paper, larru, buztin eta garagardogintza dira industrian garrantzi handiena duten arloak. Unibertsitatea, musika kontserbatorioa, arte akademiak. Hegoaldean St. Pietersberg-eko meatzeak daude (322 km galeria lurpean), erromatarren garaietan zulatzen hasiak; Espainiako erregeen kontrako gerretan iheslarien babesleku izan ziren, eta II. Mundu Gerran arte ondasunen eta iheslarien gordeleku.  v  Historia. 382an apezpiku egoitza zen. 1204tik aurrera Brabanteko dukerriaren barruan egon zen. 1632an Herbehereen mendean geratu zen. Espainiarren, orangetarren eta frantsesen mende egon ondoren, 1830-1832an belgikarren erasoari eutsi, eta Herbehereetako parte izaten jarraitu zuen. 1992an Europako Elkarteko herrialdeen ekonomia arautzen duen izen bereko hitzarmena izenpetu zen bertan.