Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luzuriaga, Claudio Antón de

Errioxako legegizon eta politikaria (Soto en Cameros, Errioxa, 1792 - Miarritze, 1874). Euskaldun jatorriko familia batean sortu zen. 13 urte zituela apaiz ikasketak hasi zituen, baina 1808an haiek utzi eta zuzenbidea ikasi zuen. 1821ean Donostiako epaile izendatu zuten eta 1823an Gipuzkoa utzi behar izan zuen San Luisen Ehun Mila Semeen etorrera zela eta. Urte batzuk geroago Donostiara itzuli zen eta Donostiako Merkataritza Batzordeko idazkari egin zuten. Handik aurrera bereziki saiatu zen aduanak kostara eta Bidasoara eramaten, eta kritika handiak jaso zituen foruzaleen artean; Donostiako hiriaren eta Gipuzkoako herrialdearen arteko tirabirak guztiz areagotu ziren. Liberalak lehen karlistadan nagusitu ondoren hasi zen Luzuriagaren politika karrera: Bartzelonako Epaitegi nagusiko lehendakari eta Elisabet II.aren idazkari, 1840ean; Justizia ministro, 1843an; senatari, 1845ean, Epaitegi Goreneko lehendakari, 1854an, Justizia ministro 1856an eta garrantzi handiko beste kargu asko bete zituen 1868 arte. Dirutza handi baten jabea zen eta bi fundizio-lantegi antolatu zituen, Arabako Araian eta Gipuzkoako Lasarten.