Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luziano Samosatakoa

(Gr. Lukianos). Greziar idazlea (Samosata, egungo Turkian, 125 - Egipto, 192). Erretorika eta lege ikasketak egin zituen Antokian, baina dena utzi zuen sofista gisa munduan barrena ibiltzeko. Jonia, Grezia, Italia eta Galia ezagutu ondoren, Atenasko hirian finkatu zen 165ean; han egon zen hurrengo hogei urteetan eta han idatzi zituen obra gehienak. Egiptoko lurretan hil zen, Eromako funtzionarioa zela. Haren lantzat hartu diren laurogeita sei obretatik hirurogeita hamar dira berak eginak zalantzarik gabe: poemak, elkarrizketak, panfletoak, satira-eleberriak, eta abar. Hildakoen elkar-hizketak eta Ametsa eta oilarra dira haren elkarrizketa ospetsuenak. Satira guztiz zorrotzak idatzi zituen, eta aberatsak, gizartearen bizioak, filosofo sofistak eta zinikoak (Ikaromenipo; Sektak enkantean), erlijio paganoa (Jainkoen elkarrizketak; Prometeo; Zeus tragikoa), kristautasuna (Peregrinoren heriotza), literatura modak, hitz batean, bere garaiko ideologia eta gizarte agerkari eta gertakari guztiak izan zituen kritikagai. Kritika ezkorra eta joera guztiz eszeptikoa nagusitu ziren Luziano Samosatakoaren lanetan, baina estilo argi zorrotzak eta bere errealismoaren irudimen indartsuak (Menippos-en bufoi-satiraren ildotik) gar guztiz biziz jantzi zituzten haren obrak. Luziano Samosatakoaren eragina garai modernoetara iritsi zen, Rabelais, Erasmo, Fénélon, Quevedo, Jonathan Swift, Voltaire eta Giacomo Leopardi idazleen satira lanetan nabarmen ikus daitekeen bezala.