Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lumière, Auguste

eta Louis. Zinematografia asmatu zuten ikertzaile frantsesak (Besançon, 1862 - Lyon, 1954, eta Besançon, 1864 - Bandol, 1948, hurrenez hurren). Argazkigintzarako gaien industriaren aitzindariak izan ziren eta zinemarako lehen kamera berezia asmatu zuten. 1895ean aurkeztu zuten Parisen munduan eginiko lehen filma: La Sortie des ouvriers de l’usine Lumière (Langileak Lumière lantokitik ateratzen). Argazki lanak egin zituen margolari baten semeak ziren eta Lyongo hirian egin zituzten ikasketak. Louis Lumière argazki-filmaren komerzializazioaz arduratu zen bereziki, hemezortzi urte zituela sortu baitzuen haren aita Antoinek Lumière industria. 15 milioi argazki-plaka egin zituzten enpresa hartan 1894an. Urte hartan Antoine Lumière Parisa gonbidatu zuten, Edisonen kinetoskopioa ikus zezan, eta itzuleran animazioa eta proiekzioa bateratuko zuen sistema iker zezaten agindu zien aitak semeei. 1895ean sortu zuten lehen zinematografoa, segundoko 16 eszena atzeman zitzakeen kamera; urte hartan berean koloretako argazkiaren inguruko ikerketetak hasi zituzten (1903an merkaturatu zuten koloretako argazkiak egiteko lehen sistema). Ondoko urteetan film ugari egin zituzten Lumièretarrek eta hobetu zituzten hasierako zinematografia kameraren emaitzak.