Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

luminiszentzia

iz. Fis. Tenperatura gorabeherarik gabe eta ia gauean bakarrik ikus daitekeela argia igortzeko gaitasuna. Ahalmen hori ipurtargiek, zur mota batzuek, arrain ustelduek, uranioaren meak eta metal sulfuro batzuek dute besteak beste.  v  Kitzikadura baten eraginpean goritasun tenperaturaz petik argia igortzeko gai batzuek duten ahalmena. Kitzikadura hori eragile desberdinek sor dezakete: argiak (fotoluminiszentzia), beroak (termoluminiszentzia), elektrizitateak (elektroluminiszentzia), gertaera kimikoek (kimioluminiszentzia), uhin laburreko irradek (erradioluminiszentzia), izaki bizietan gertatzen diren oxidazio katalitikoek (bioluminiszentzia) etab. Fenomeno hori energia errendimendu handiarekin egiten da, igorketa termikorik gabe gertatzen baita argi igorketa. Argi mota horri “argi hotza” deitu izan zaio. Luminiszentzia gertaerak gauza askotarako erabil daitezke. Horrela, katodo izpiek sortutako luminiszentzia da telebista eta katodo izpien hodietako pantailetan eratzen diren irudien oinarria. Erradioluminiszentziari esker beha eta argazkiak atera daitezke X izpien tresnetan. Fluoreszentziak eta fosforeszentziak (biak fotoluminiszentzia motak) egin dute posible gaur egungo lanpara fluoreszente bidezko argiztapena. Kimioluminiszentzia, termoluminiszentzia eta bereziki argi beltzean egindako fluoreszentziari esker egin ahal izan da analisi kimiko ugari eta eta bakartu ahal izan dira zenbait gai.