Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luis

Frantziako hemezortzi erregeren izena.  v  Luis I.a. ik. Ludovico edo Luis I.a.  v  Luis II.a. (Totela eta Alferra deitua). Frantziako erregea 877-879 urteetan (846 - Compiègne, 879). Karlos II.a Burusoilaren semea eta Karloman-en, Karlos III.aren eta Luis III.aren aita izan zen.  v  Luis III.a. Frantziako erregea 879-882 urteetan (863 - Saint-Dénis, 882). Luis II.aren semea zen eta anaia Karloman-ekin batera gobernatu zuen. 880an Lotaringia eman zion Luis III.a Germaniakoari. Karlos III.a Gizena izan zuen ondorengo.  v  Luis IV.a. (Itsasoz haraindikoa deitua) Frantziako erregea 936-954 urteetan (863 - Saint-Dénis, 882). Karlos III.aren semea zen eta Ingalaterran hazi zuten. Hugo Handia Parisko kondearen tutoretzapean izan zen errege adin txikian. Lotario izan zuen ondorengo.  v  Luis V.a. (Alferra deitua). Frantziako erregea 986-987 urteetan (967 - Compiègne, 987). Lotarioaren semea zen. Azken errege karolingiarra izan zen.  v  Luis VI.a. (Lodia deitua). Frantziako erregea 1108-1137 urteetan (1081 - 1137). Filipe I.aren Bertha holandakoaren semea zen. Île-de-France aldeko jauntxoen aurka borrokatu zen eta Elizako agintarien laguntzan oinarritu zuen bere aginpidea. Herri txikien sorrera bultzatu zuen, bere jabetza handiez baliatuta, eta herri berrietara deitu zien laborariei eskubide bereziak emanda. 1119an Normandia Henrike I.a Ingalaterrakoari kentzen saiatu zen, baina huts egin eta bakea sinatu behar izan zuen. 1124an Henrike IV.a Germaniako enperadorea Champagnen sartu zenean, mendeko jaunen laguntza jaso zuen eta atzera jo behar izan zuen enperadoreak.  v  Luis VII.a. (Gaztea deitua). Frantziako erregea 1137-1180 urteetan (1120 - Paris, 1180). Luis VI.aren semea eta ondorengoa izan zen. 1137an Eleonor Akitaniakoarekin ezkondu zen, eta Frantziako koroaren itzala zabaldu zen horrenbestez Akitania aldera. 1142an liskar handiak izan zituen aita santuarekin Bourges hiriko artzapezpikua zela eta. 1147-1149 urteetan Bigarren Gurutzadan hartu zuen parte, aita santuarekin lorturiko akordioa berrestearren, eta Suger ministroaren esku utzi zuen erresuma. Alexandro III.a aita santuaren alde jokatu zuen Frederiko Bizargorriaren aurka eta 1152an zapuztu zuen Eleonor Akitaniakoa bere emaztea. Eleonor Akitaniakoa Henrike II.a Ingalaterrakoarekin ezkondu zen 1154an. Luis VII.a Konstantza Gaztelakoarekin eta Adela Champagnekoarekin ezkondu zen ondoren. Filipe Augusto Adelaren semea izan zuen ondorengo.  v  Luis VIII.a. (Lehoia deitua). Frantziako erregea 1223-1226 urteetan (Paris, 1187 - Montpensier, Auvernia, 1226). Filipe Augustoren semea eta ondorengoa zen. 1214an Joan Lur Gabea menderatu zuen Angers-ko hiritik hurbil. Ingalaterrako baroien arteko gerran, bertako erregegai aukeratu zuten batzuek; 1216an hara joan zen baina 1217an menderatu zuten. 1223an errege egin zuten eta Poitou eta hurrengo urtean Aunis-ko lurraldeak kendu zizkien ingelesei. Avignon hiriaz jabetu zen albitarren aurkako gurutzadaren garaian (1226). Luis IX.ak hartu zuen haren ordea hil ondoan, Blanka Gaztelakoaren tutoretzapean.  v  Luis IX.a, santua. Frantziako erregea 1226-1270 urteetan (Poissy, 1214 - Tunisia, 1270). Luis VIII.aren semea eta ondorengoa izan zen, eta Blanka Gaztelakoa haren amak gobernatu zuen adin txikikoa izan zenean. Blanka Gaztelakoa jaun handi batzuen aurka borrokatu zen; albitarren aurkako kanpainak amaitu zituen (1229). 1242an Akitaniako jaunak menderatu zituen Luisek Saintes-ko guduan, eta 1249an Egipto aldera jo zuen Zazpigarren Gurutzadan, gobernua amaren eskutan utzirik. 1250ean preso hartu zuten Mansurah-ko hirian eta, bahitura-saria ordaindurik, Siria aldera jo zuen. 1258an hitzarmen bat izenpetu zuen Jaime I.a Aragoikoarekin Corbeil-en. Haren arabera, Provenza eta Languedoc (Montpellier izan ezik) Frantziako koroaren eskuetan geratzen ziren eta Frantziako koroak uko egiten zion betiko Ipar eta Hego Kataluniari (Principat de Catalunya). 1259an ingelesekin izenpetu zuen hitzarmenaren arabera, ingelesen esku geratzen ziren Limousin, Quercy eta Perigord, eta Frantziako koroaren baitan Normandia, Maine, Anjou, Touraine eta Poitou. Bazter guztietan kristau ordena zabaltzen saiatu zen, gortea berriz antolatu zuen eta guztiz debekatu zituen gerra pribatuak, torneoak eta dolu-borrokak. Errege-dirua erabiltzea zabaldu zuen. 1257an Sorbonako unibertsitatea sortu zuen Parisen, eta bertara bildu ziren garai hartako europar pentsalari nagusiak (Alberto Handia, Roger Bacon, Tomas Akinakoa, San Bonabentura, Siger Brabantekoa,…). Luis IX.ak ospe handia izan zuen Europa osoan. Zortzigarren Gurutzadan hil zen, Tunisiako izurritean. Bonifazio VIII.ak santu egin zuen 1297an.  v  Luis X.a. ik. Luis I.a Nafarroakoa eta X. Frantziakoa.  v  Luis XI.a Frantziakoa. Frantziako erregea 1461-1483 urteetan (Bourges, 1423 - Plessis-les-Tours, 1483). Karlos VII.aren semea zen eta aitaren aurka matxinatu zen Praguerie deitutako jaun-matxinadan (1440). Barkatu egin zion aitak eta Dauphiné aldera bidali zuen gobernari. 1455ean aitaren aurka jo zuen berriro eta Filipe III.a Burgundiako dukearen babesa behar izan zuen. Errege izan ondoren jaun nobleen aurka jo zuen, baina haien baldintza asko onartu behar izan zituen, anaia Karlos Berrykoari bereziki (1665). Hurrengo urtean Burgundiako eta Bretainiako dukeak matxinatu zitzaizkion. 1668an preso hartu zuen Karlos Burgundiakoak eta, Champagne Karlos Berrykoaren eskuetan ezarri eta Liejako altxamenduaren aurkako errepresioan parte hartuko zuelako agindua eman arte ez zuen aske utzi. 1475ean Picquigny-ko bakea sinatu zuen Eduardo VI.a Ingalaterrako erregearekin (Ehun Urteko Gerra amaitzeko) eta, haren laguntzaz borrokatu zen jaurerri batzuen aurka (Armagnac, Alençon, Saint-Pol, Nemours). 1472an, Karlos Burgundiakoak Pikardian sartu baina huts egin zuen Beauvais-en. 1477an hil zen Burgundiako dukea eta Luis XI.ak, oinordekotzan lortu ez zuen arren, Burgundiaz jabetu zen Arras-ko hitzarmenean (1482). Era berean, Anjou, Maine eta Proventza Frantziako koroaren mende geratu ziren 1480-1481 urteetan. Luis XI.a izan zen Frantzia modernoko lehen errege handia; politikari eta militar trebeak hartu zituen eta errege aginpidea sendotu zuen, Frantziako erresumaren mugak guztiz zabaldu zituen (bere agintaldian bermatu zen Frantziako koroaren agintea Lapurdin eta Zuberoan), zentralizatu zituen justizia eta armada, parlamentuak (erregeari loturiko instituzio eragileak) sortu zituen Grenoblen, Bordelen eta Dijonen, eta bultzada handia eman zion ekonomia alorrari. Karlos VIII.a bere semea izan zuen ondorengo.  v  Luis XII.a Frantziakoa. Frantziako erregea 1498-1515 urteetan (Blois, 1462 - Paris, 1515). Karlos Orleansekoaren semea eta Karlos VIII.aren lehengusua eta ondorengoa izan zen. Errege izan aurretik, Ana Frantziakoa erregeordearen aurka jo zuen, Karlos VIII.aren adin txikian. Menderatu eta preso eduki zuten. Karlos VIII.arekin adiskidatu eta Italiako gerretan parte hartu zuen. Errege bihurtu zenean, emazteari uko egin eta Ana Bretainiakoa Karlos VIII.aren alargunarekin ezkondu zen. Italiako lurraldeak beretu nahi zituen eta 1499an Milan aldeaz jabetu zen. 1501. urtean Ludovico Sforza Milango dukea preso hartu eta Loches-ko gazteluan itxi zuen. Ondoren Fernando Aragoikoarekin bat egin zuen, Napoliko erresuma beretzeko asmoz, baina 1504an aragoitarrek frantsesak menderatu zituzten eta, Bloisko hitzarmenaren arabera, Aragoiko koroaren mendean geratu ziren Milan aldea, Genova, Burgundia eta Bretainia. Toursko estatu orokorrek balio gabe utzi zuten hitzarmen hura. Veneziak, Espainiak, Germaniako inperioak eta Ingalaterrak elkar hartu zuten Frantziaren aurka: ingelesak Guinegatten nagusitu ziren eta suitzarrak Burgundian sartu ziren. Armaz izan ez zuen arrakasta barne politikan lortu zuen Luis XII.ak, Italian hartu zituen aberastasun handiak zergak ez jasotzeko erabili baitzituen. Luis XII.ak ez zuen semerik izan eta Frantzisko Angulemakoa, geroko Frantzisko I.a, izan zuen ondorengo.  v  Luis XIII.a Frantziakoa. ik. Luis II.a Nafarroakoa.  v  Luis XIV.a Frantziakoa. ik. Luis III.a Nafarroakoa.  v  Luis XV.a Frantziakoa. ik. Luis IV.a Nafarroakoa.  v  Luis XVI.a Frantziakoa. ik. Luis V.a Nafarroakoa.  v  Luis XVII.a Frantziakoa. Luis XVI.aren eta Maria Antonieta Austriakoaren bigarren semea (Versailles, 1785 - Paris, 1795). 1789an erregegai bihurtu zen, anaia zaharrena hil ondoren. Aitarekin eta familiarekin batera preso hartu zuten 1792ko abuztuan. Erbestean zeuden erregezaleek errege izendatu zuten 1793ko urtarrilean, Luis XVI.a hil ondoren. 1795ean hil zen. Zalantza handiak izan dira luzaroan pertsonaia honen inguruan, ataka hartatik bizirik atera zela baitzioen askok.  v  Luis XVIII.a Frantziakoa. Frantziako erregea 1814-1824 urteetan (Versailles, 1755 - Paris, 1824). Luis XV.aren biloba eta Luis XVI.aren eta Artoisko kondearen (Karlos X.a gerokoan) anaia izan zen. Proventzako konde egin zuten eta Maria Josefina Savoiakoarekin ezkondu zen. Iraultzaren hasieran, hirugarren estatuak proposaturiko erreformen alde egon zen. 1789an erresumako buruzagi militar nagusi jarri nahi izan zuen, baina Maria Antonietak ez zion utzi. 1791ko ekainean utzi zuen Frantzia. 1793ko urtarrilean erregeorde izendatu zuten eta 1795ean errege. Erbestean zegoela, hainbat alditan aldatu behar izan zuen egoitzaz, Konbentzioko eta Inperioko gudaroste frantsesen garaipenek behartuta (Verona, 1794; Blakenburg, 1796; Mitau, 1798-1901; Varsovia, eta Ingalaterran 1807-1814). Ahalegin handiak egin zituen Frantziako monarkia berriro ezartzen. 1814an Frantziara itzuli zen, Senatuak, Napoleon kargurik gabe utzi ondoren, deituta. Konstituzio monarkia ezarri zuen, baina 1814ko martxoan Napoleonek berriro inperioa ezarri zuen Elbako uhartetik ihes egin ondoren (Ehun egunak, 1814ko martxoa-ekaina) eta Ganteko hirian babestu zen Luis XVIII.a. 1814ko ekainaren 4an itzuli eta konstituzio monarkia errespetatzeko zina egin zuen arren, iraultzaren aurkako balioak nagusituz joan ziren Luis XVIII.aren agintaldian. Karlos X.a izan zuen ondorengo.