Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ludwig, Christa

Alemaniar mezzosopranoa (Berlin, 1924). Gurasoek Vienako Volksoper-en kantatzen zuten; txikitatik bizi izan zen Ludwig musika giroan. Lehenengo irakaslea ama izan zuen. Ondoren Frankfurt-era joan zen Hüni-Mihacek-ekin ikastera. Hiri horretan egin zuen debuta, hain zuzen ere, Johann Strauss-en Saguzaharra lanarekin. Ondoren, Rossiniren hainbat operatan lan egin zuen, hala nola La Cenerentola eta Sevillako bizargina-n. Mozart-en Figaroren ezteiak operan ere garrantzizko lana egin zuen. Beste mezzosoprano asko bezala, Ludwig ere saiatu zen soprano paperetan. Soprano gisa egin zituen paperen artean aipatzekoa da Beethoven-en Fidelio operako protagonistarena. Richard Wagner-en La Walkiria laneko Brunildaren papera kantatzea proposatu ziotenean, ordea, atzera egin zuen eta mezzosoprano paperetara itzuli zen. Ludwig-en lana, dena dela, ez da opera lanetara mugatu, hainbat kontzertu ziklotan ere parte hartu du, besteak beste, Gustav Mahler-en Kindertoten Lieder (Abestiak haur hil batentzat) edo Lied von del Erde (Lurraren Abestia) lanetan.