Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lucid, Shannon Wells

Estatubatuar astronauta eta biokimikoa (Shanghai, 1943). Gurasoak misiolariak zituen, eta horregatik jaio zen Txinan, baina Oklahoman hazi zen. 1973. urtean biokimikako doktoregoa eskuratu zuen Oklahomako Unibertsitatean. 1978. urtea arte ikertzaile zientifiko gisa jardun zuen lanean, harik eta urte hartan astronatuta programa batean onartu zuten arte. Horrela, 1985-1993 bitarteko urteetan lau hegaldi egin zituen espazioan, eta medikuntzako zenbait saio egin zituen bidaia haietan zehar. Bera izan da orain arte espazioan denbora gehien eman duen emakumea, eta Ameriketako astronauta guztien artean, gizon zein emakume, berak eman du denbora gehiena espazioan. 1996. urtean 188 egun egin zituen espazioan, Mir errusiar espazio estazioan gehienak. Mir estazioan egindako hainbat ikerketa zientifikoren artean, aipagarria da besteak beste orbitan itxurazko pisurik ezak ehun bizietan eta proteina kristalen hazkundean duen eraginari buruzko ikerketa.