Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

López, Francisco Solano

Paraguaiko militarra eta diktadorea, Carlos Antonio Lópezen semea (Asuncion, 1827 - Cerro Cora, 1870). Aliantza Hirukoitzaren Gerra edo Paraguaiko Gerra izenez ezagutzen den gerra hasi zuen. 1862an, hots, aita hil zen urtean, iritsi zen aginpidera eta aitak ezarritako diktadura jarraitu zuen. Argentina eta Brasilgo gobernuei aurre egin zien muga arazoak zirela eta. 1864an, Brasilek Uruguaiko estatuaren aurka zuzentzen zituen erasoen aitzakian, Brasilgo Matto Grossoko lurraldea inbaditzea deliberatu zuen; Argentinak, ordea, ez zuen utzi Paraguaiko gudarosteak Corrientesko lurraldea (argentinarra) zeharka zezan, eta gerra deklaratu zion Paraguaiko gobernuari. Hainbat gorabeheraren ondoren eta gudu ugari galduta, Paraguai inguratu egin zuten nazioarteko estatuek; diktadoreak ez zuen amore eman eta oihanean ezkutatu zen. Bere 200 jarraitzaileekin batera hil zuten brasildarrek Cerro Cora muinoan.