Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lokomozio

iz. Leku batetik beste batera mugitzea; horren ondorioa.  v  Ornodunen lokomozio aparatua. Gorputza mugitzeko eta orekari eusteko balio duen organo multzoa, hezurrek, hezurren arteko loturek eta nahitako mugimendua sortzen duen gihar sistemak osatua. Nerbio sistemak zuzendu eta bateratzen du lokomozio aparatuaren jarduera.  v  Ornogabeen lokomozio-aparatua. Protozooek hiru lokomozio sistema erabiltzen dituzte: flageloak (hari moduko luzakinak); zilioak (betile moduko iletxoak); eta pseudopodoak (forma zehatzik gabeko luzakinak). Anelidoek, berriz, luzakin haragitsuak (parapodoak) dituzte gorputzaren aldeetan, giharrak uzkurtuz mugitzen direnean gorputzari eutsi ahal izateko. Makordunek organo berezi bat dute lokomoziorako, “oina” deitzen dena, masa gihartsu batek osatua. Ekinodermoek (itsas trikuek eta itsas izarrek)  lokomozio sistema bat berezi dute, anbulakro izeneko oin edo pusil moduko batzuen bidez gauzatzen dena. Artropodoak dira, ornogabeetan, lokomozio aparaturik garatuena dutenak, elkarri giltzatutako atalez osatzen baitira mugitzeko erabiltzen dituzten luzakinak. Intsektuek, artropodoen sistemaz gainera, hegoak ere erabiltzen dituzte lokomoziorako.