Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Loidi Bizkarrondo, Jose Antonio

Gipuzkoar idazlea eta ikertzailea (Errenteria, 1916 - Irun, 1999). 1942an farmaziako lizentzia lortu zuen, Santiagoko Unibertsitatean. Ondoko urtetik aurrera lanean jardun zuen farmazia eta optika dendan. 1960an Farmazia Ikuskatzaileen Taldean sartu zen, eta 29 urtez, Irungo Udaleko Farmazia ikuskatzailea izan zen. Horrez gainera, euskal historiaz, linguistikaz, toponomiaz, hidrologiaz, biografiaz eta abarrez artikulu ugari idatzi zuen. 1957tik aurrera Euskaltzaindiko urgazlea izan zen, eta 1998az geroztik ohorezko euskaltzaina. Bidasoa Ikaskuntzen Aldizkaria argitaratzen duen Luis de Uranzu Kultura Taldea argitaletxeko sortzailea eta lehendakaria izan zen. Irun bere aurrerabidean historia saiakeragatik Irun Hiria saria eman zioten. 1976an parte hartu zuen Eusko Ikaskuntzaren berpizte lanetan, hasieratik diruzain lanetan ibiliz. Artikulu asko idazteaz gain, liburu hauek kaleratu zituen: Hamabost egun Urgainen (euskarazko lehen eleberri poliziakoa, 1955), Euskal Jaiak/Fiestas Euskaras (1983) eta El sexo en la farmacia (1990), besteak beste.