Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lodosa

Nafarroako erdi-hego-mendebaleko udalerria, Ebro ibaiaren ezkerraldean (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean Sesma; ekialdean Sartaguda eta Carcar, eta mendebalean eta hegoaldean, Errioxa. Garaiera, 320 m. 45,34 km2. 1999ko datuen arabera, 4.589 biztanle ditu (lodosarrak). Auzo nagusiak: La Estacion, Feculas eta Lodosa. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, bazkarako landareak, ardi azienda; langileen % 17) eta horren inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbak, zurgintza; langileen % 55,6) dira. Fama handia dute Lodosako piperrek eta esparragoek. Aipagarri dira XVI-XVII. mendeetako San Migel parrokia eliza gotiko-errenazentista, XVIII. mendeko Montserrateko Ama Birjinaren basilika, San Emeterio ermita barrokoa, Ebro ibaiaren gaineko XVIII. mendeko zubi barrokoa, herriko etxe armarridunak, II. mendeko ubide erromanikoaren hondakinak eta Erdi Aroko Radatarren dorretxea. Lodosako udalerriaren eremuetan dago Martirien urtegia.  v  Historia. Oso herrigune zaharra da Lodosa bertan atzemandako aztarna erromatarrek adierazten duten bezala. Leringo konderriko herria izan zen. Lehen karlistadan (1833-1839) ondorio latzak jasan zituzten lodosarrek bi bandoen arteko guduak zirela eta.