Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Linazasoro Izagirre, Karlos

Gipuzkoar idazlea (Tolosa, 1962). Euskal filologiako ikasketak egin ditu. 1987. urteaz geroztik Tolosako udal liburutegiko arduraduna da. Genero asko landu ditu (poesia, ipuina, eleberria, antzerkia, haur literatura, artikulugintza), eta hainbat sari irabazi ditu: Lizardi Saria (1990), Irun Hiria (1992, poesia arloan), Igancio Aldekoa Saria (1993), Toribio Altzaga Antzerki Saria (1997), Baporea Saria (1997), Donostia Hiria (1998), eta 2001eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria, Bota gorriak lanarengatik. Orain arte sei poema liburu argitaratu ditu: Udazkeneko karabana erratua (1991), Apunte eta ahanzturak (1993), Euriaren eskuak (1995), Inoiz izan ez garenotan (2002), Eguzkia ateri (2001) eta Denbora aleak (2005). Bere narrazioetan, heriotza, absurdoa, gizakiaren krudelkeria, munduaren aurreko desosegua eta bizi larrimina dira gai nagusiak, sarritan umore beltzez eta ironiaz azalduak: Eldarnioak (1991), Zer gerta ere (1994), Ez balego beste mundurik (2000), Ipuin errotikoak (2001), Glosolaliak eta beste (2004), Bestiarioa. Hilerrikoak (2006), Diotenez (2007). 2003an Itoko dira berriak nobela laburra argitaratu zuen, absurduaren literaturaren ezaugarriekin, eta aforismo bilduma bat: Isiltasunaren adabakiak. 2006an beste aforismo bilduma bat apailatu zuen: Beti eder dena (2006). Antzezlan bat ere argitaratu du: Burdindenda (1998, 1997ko Toribio Altzaga saria). Bestalde, haur literaturaren arloan ere lan asko egina da Linazasoro: Besterik gabe, Albina (1991), Ipuin arriskutsuak (1994), Altzeta (1996), Gret (1998), Oihan ttiki baina txukun batean (1999), Bota gorriak (2000), Hugo (2000), Walter Sismoley Eliseoko zelaietan (2000), Entzungailua (2002), Franti (2003), Mendekuaren graziaz (2004), Hogeitasei urte geroago (2006). Istorio horietako asko amaiera ireki edo anbiguoko istorioak dira. Haurrentzako poesia ere idatzi du: Kartapazioko poemak (1998, Juan Kruz Igerabiderekin elkarlanean) eta Hamabi titare (1999).