Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Letamendia Belzunce, Francisco

«Ortzi» Gipuzkoar politikaria eta irakaslea (Donostia, 1944). Zuzenbideko ikasketak Bartzelonan egin ondoren euskal preso politikoen legegizon hasi zen, Burgosko auziaren ondoren batez ere. 1971n El proceso de Euskadi en Burgos lana plazaratu zuen, Miguel Castells legegizonarekin batera. Urtebete geroago Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen eta handik Parisa jo zuen. 1975ean Historia de Euskadi: el nacionalismo vasco y ETA obra plazaratu ondoren Hego Euskal Herrira itzuli zen eta Los vascos, ayer, hoy y mañana obra eman zuen argitara. 1977an Gorteetako diputatu hautatu zuten EE alderdiaren eskutik. EIA utzi eta HBren eskutik hautatu zuten diputatu hurrengo urtean Bizkaitik. 1982an bigarrenez erbesteratu zen Parisa, auzipetuko zutelako mehatxuengatik (1981eko Gernikako gertakariak). Hiru urtez Vincennes-St. Deniseko unibertsitatean euskal historia irakatsi ondoren 1985ean Euskal Herrira itzuli zen. Politikagintzatik aldenduta dago gaur egun eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Harenak dira, halaber, El No vasco a la reforma (bi liburuki, 1978) El chivo expiatorio (1981) eta Euskadi: la paz es posible obrak. Politikagintza alde batera utzirik, irakaskuntzan eta ikerkuntzan dihardu azken urteotan. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta 90eko hamarkadan bi lan mardul argitaratu ditu: Euskadi, pueblo y nación lan osoa 1990ean, eta ETAren eta nazionalismoaren historiari buruzko lana, hiru ataletan banatua, 1994. urtean: Historia del nacionalismo vasco y ETA: ETA en el franquismo (1951-76), Historia del nacionalismo vasco y de ETA en la transición (1976-1982) eta Historia del nacionalismo vasco y de ETA y gobierno del PSOE (1982-92). Horietaz gain Nazionalismoa eta beste ideologia garaikideak (1992), Juego de espejos: conflictos nacionales centro-periferia (1997) eta Nacionalidades y regiones en la Unión Europea (1999) lanak argitaratu ditu, besteak beste.