Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leopoldo IIIa

Belgikako erregea 1934-1951 urteetan (Brusela, 1901 - Brusela, 1983). Alberto I.aren semea eta ondorengoa izan zen. Ingalaterran ikasi zuen eta Astrid Suediako printzesarekin ezkondu zen 1926an. Nazismoaren indartzearen aurrean, 1936an Belgikaren neutraltasuna aldarrikatu zuen eta Alemaniako armada Belgikan sartu zenean (1940eko maiatza), Belgikako armadako buru jarri zen baina etsi behar izan zuen hiru aste baino lehen. Alemaniarrek 1944ra arte eduki zuten itxita Laekengo gazteluan. Alemaniara eraman zuten 1944an (Alberto Liejakoa eta Balduino I.a semeekin batera), baina berehala askatu zuten aliatuek. Belgikan, ordea, guztiz kritikatu zuten sozialistek eta liberalek Leopoldo III.ak nazien aurrean izan zuen joera ahula; Suitzara jo behar izan zuen eta Karlos anaiak hartu zuen erregearen ordezkaritza. 1950eko erreferendum batek berriro ezarri zuen erregetzan, baina 1951n utzi zuen agintea Balduino I.aren alde.