Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leonor Ia Nafarroakoa

Nafarroako erregina 1479. urtean (Iruñea, 1425 - Tutera, 1479). Blanka I.a Nafarroakoaren eta Joan II.a Aragoikoaren alaba gazteena zen. 1441. urtean ezkondu zen Foix eta Bigorrako konde eta Biarnoko jaun Gastonekin, eta Biarnon jarri zen bizitzen. Joan II.a Aragoikoa jabetu zen Nafarroako koroaz Blanka I.a hildakoan (1442), Vianako printzea, Karlos, benetako oinordekoa, bazter utzirik, eta aitaren tresna bihurtu zen Leonor, Karlos eta Blanka anaia-arreben aurka. 1455ean utzi zuen Joan II.ak Karlos erregetzarako biderik gabe eta Leonor izendarazi zuen oinordeko. Nafarroako erreinuko gobernari nagusia izan zen Leonor urte hartatik aurrera, baina agramondarren eta beaumontarren arteko gerra zela eta, buruzagi agramondarren esku egon zen benetako aginpidea. 1462an hil zen Karlos, Vianako printzea, eta preso eduki zuten Blanka, berezko oinordekoa, hil zen arte (1464). Joan II.aren eta Leonorren arteko arazoak hasi ziren orduan, erregetza helburu. Beaumontarrak zituen aldeko Leonorrek eta agramondarrak Joan II.ak. 1468an, Nicolas de Chavarri, Iruñeko apezpikua eta Leonorren aholkularia, hil zuten agramondarrek, eta Nafarroako gobernari nagusi izendatu zuen ondoren Joan II.ak Gaston, Leonorren semea, alaba erabat baztertzearren. Hil zen Gaston eta berriro ezarri zuen Joan II.ak Leonor Nafarroako gobernuan, Aragoiko koroari ukarazi ondoren (1471). 1472an hil zen Gaston Foixkoa eta une hartatik aurrera areagotu zen Gaztelako koroaren erasoa. Fernando Katolikoak beaumontarrak alde jartzea lortu zuen eta Leonorrek etsai agramondarrengana jo behar izan zuen laguntza bila. 1479ko urtarrilaren 19an hil zen Joan II.a eta erregina egin zuten Leonor hil bereko 28an. Hamabost egunen buruan hil zen Leonor Tuteran. Testamentuan Karlos anaiaren titulu guztiak eskatu zituen bere ondokoentzat; Frantzisko Febori utzi zion Nafarroako erreinua eta laguntza bila Frantziako erregearengana jo zezala gomendatu zion.