Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lenin, Vladimir Ilitx Ulianov

Errusiar iraultzailea (Simbirsk, 1870 - Gorki, 1924). Zuzenbide ikasketak egin zituen San Petersburgoko unibertsitatean eta han izan zuen marxismoaren berri; atzerrian erbesteratua zegoen Plejanoven jarraitzailea izan zen. Hiru eginkizun nagusi bete nahi zituen: marxistak batu eta beren ideiak zabaldu, marxismoa teoria eraginkor bihurtu eta langile mugimendua iraultzarantz gidatu. 1895ean Suitzara joan zen Plejanov ikustera, eta itzulitakoan atxilotu egin zuten eta hiru urtez egon zen Siberian erbesteratuta. Suitzara itzuli zen eta han Errusian banatuko zen Iskra (Txinparta) aldizkaria sortu zuen. 1902an Zer egin? liburuan taktika iraultzailea zehaztu zuen: proletarioak borroka politikoaren gidari izan behar zuen aginpidea lortzeko eta proletarioen diktadura ezartzeko; alderdi boltxebikeko kideek langile kontzientzia piztu behar zuten. 1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratak Bruselan eta Londresen egin zuen II. kongresuan bere tesiak gailentzea lortu zuen, baina tirabira handiak izan ziren eta zatitu egin ziren Lenin buru zuten boltxebikeak eta Plejanoven aldekoak ziren mentxebikeak. 1904an Urrats bat aurrera, bi urrats atzera idatzi zuen; iraultza burgesa alde batera utzi eta proletarioen iraultza berehala egin behar zela zioen bertan. 1905eko iraultza bitartean Lenin Errusiara itzuli zen; abenduan Finlandian Alderdi sozialdemokrataren bateratze kongresuan eta Moskuko greba orokorrean parte hartu zuen. Iraultzak porrot egin zuen, baina Leninentzat herriak aginpidea aldi baterako eskuratu izana eta sobietarren aginpide berria sortu izana behin betiko garaipenaren seinale ziren. Leninek uko egiten zion mentxebikeek proposatutako klaseen arteko elkar hartzeari eta demokrazia burgesari, bere ustez errusiar proletarioak eta nekazariak gai baitziren iraultza politikoaren gidari izateko eta iraultza sozialari berehala ekiteko. 1907ko abenduan Leninek Errusiatik Suitzara alde egin behar izan zuen. 1909an Materialismoa eta enpiriokritizismoa idatzi zuen, errebisionismoa gaitzesten zuena. 1912an Pragako Batzarrean mentxebikeak bazter utzi eta boltxebikeek osatutako Errusiako Alderdi Komunista sortu zuen, eta honez gainera Pravda (Egia) aldizkaria sortu zuen San Petersburgon. Lehen Mundu Gerra lehertu zenean uko egin zion klaseen arteko lankidetzari, elkarren aurkako inperialismoen arteko borrokatzat salatu zuen gerra eta nazioen arteko gerra klaseen arteko gerra bilaka zezaten agindu zien iraultzaileei. 1917ko iraultza hasi zenean Lenin Errusiara abiatu eta “apirileko tesiak” argitaratu zituen Pravdan: bakea berehala, aginpidea sobiententzat, fabrikak langileentzat eta lurrak nekazarientzat. Behin-behineko gobernuak gogor zapaldu zituen San Petersburgoko matxinadak; Leninek Finlandiara ihes egin behar izan zuen eta han Estatua eta iraultza idatzi zuen. Liburu honetan beharrezko aginpidetzat jotzen zuen proletarioen diktadura, baina aldi baterako bitartea izango zela zehaztu zuen, klaserik eta estaturik gabeko gizartea baita komunismoaren azken helburua. 1917ko urrian Lenin Errusian zen berriro ere eta alderdiaren kongresu nagusiak Urriko Iraultza izenez ezagutu zen matxinada onestea lortu zuen, Zinoviev eta Kamenev aurka bazeuden ere. Garaipenaren ondoren Lenin sozialismoa gauzatzen hasi zen, eta horretarako hainbat dekretu eman zituen hurrengo hilabeteetan: jabetza ezabatu zuen eta industria nazionalizatu; nazionalitateen eskubideak onartu zituen; sobieten kongresuari eman zion aginpidea, Txeka edo polizia politikoa sortu zuen, baita gudaroste gorria ere, eta 1918ko martxoaren 3an Brest-Litovskeko bakea sinatu zuen alemaniarrekin. Ondoren “gerrako komunismoa” izeneko politika hasi zuen: industriaren antolakuntza eta ekoizpena hobetu zuen, hirien eta gudarostearen hornidura bideratu, uztak bahitu zituen, eta merkataritza pribatua debekatu zuen. 1918ko uztailaren 4an sobieten V. kongresuak Errusiako Sobiet Errepublika Federaleko lehenengo konstituzioa onetsi zuen. Hilabete hartan bertan Leninen aurkariek matxinada bat eragin zuten Moskun, eta abuztuan eskubiko sozialista iraultzaile batek larriki zauritu zuen Lenin. 1919an Leninek alderdi komunista berrien ordezkariak bildu zituen Moskun III. Internazionala sortzeko. Gerra zibila, alemaniar komunisten porrota eta Europako beste nazioen aurkakotasuna zela eta sobietar estatuak behera egin zuen. 1921ean Kronshtadteko marinelen matxinadak eta haien aurkako zapalkuntzak politika ekonomikoaren aldaketa ekarri zuen. NEP izeneko politika berriak biztanleen gehiengoaren, adostasuna lortu nahi zuen, nekazariena alegia. 1922an Errusiako Inperio ohia Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuna bihurtu zen. 1818az geroztik Lenin arterioesklerosiak jota zegoen. Azken urteetan ohartua zen burokratizazioaren arriskuez, gogor gaitzetsi zuen alderdiko idazkari nagusia zen Stalinen jokabidea eta honen eta Trotskiren arteko gatazka iragarri zuen.