Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lenica, Jan

Poloniar marrazkilaria (Poznan, 1928 - 2001). Alemaniarrek Polonia hartu zutenean herrialdearen iparraldera alde egin zuen, baina preso hartu zuten eta kontzentrazio esparru batean egon zen zenbait astez. 1945ean zenbait marrazki bidali zituen Szpilki aldizkari satirikora. Marrazkiak egiteaz gainera, musika ikasketak bukatu zituen. Ondoren Eskola politeknikoan hasi zen arkitektura ikasten, eta bien bitartean, testu kritikoak idatzi zituen grafismoari eta karikaturari buruz; garai horretan egin zuen lehenengo erakusketa, eta Szpilki aldizkariko zuzendari artistiko bihurtu zen. Film Polski etxeko kartelak egiteko kontratua izenpetu zuen, eta aipatzekoak ditu La Strada (1956), Il Bidone (1957) eta Ifigenia (1962) lanetarako egin zituenak. Horrez gainera, erakusketa stand-etarako dekorazioak osatu zituen. Animazio zinemak erakarrita, Walerian Borowczyk-ekin batera hiru filmetako saila osatu zuen: Bazen behin (1957), Etxea (1958, Bruselako nazioarteko erakusketako film esperimentalen sari nagusia) eta Sentimentu sarituak. Lenicak, bestalde, hainbat animazio-lan egin zituen bere aldetik, zeinetan collage teknika erabili zuen. 1963. urtetik aurrera Parisen hartu zuen bizilekua. Garai horretan ordu arteko estiloa utzi eta grafismo uhinduna landu zuen, indar handikoa eta dekorazioaren beharrik izango ez zuena. Gounoden Fausto operarako egin zuen kartelak (1963) eta Wozzeck-erako egin zuenak erakusten dute marrazteko era berri hori. Azken lan hori, arte horren adierazkortasunaren ikurtzat hartzen da gaur egun.