Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Léger, Fernand

Frantses margolaria (Argentan, 1881 - Gif-sur-Yvette, 1955). 1897-1902 urteetan Parisen bizi izan zen eta inpresionismoaren higikundean murgildu zen. Cézanneren estiloari ere jarraitu zitzaion 1910. urtetik kubismoaren ezaugarriak bere egin zituen arte. 1918tik aurrera bere estilo berezia finkatu zuen: materia leuna eta inpertsonala; kolore lau biziak; mekanikan oinarrituriko gaiak. Hodiek osatutako automatak dirudite bere giza irudiek. Bigarren Mundu Gerran Ameriketan izan zen eta malgutasun gehiago duten konposizio sailak margotu zituen (akrobatak, txirrindulariak, urpekariak). Horma-pinturak ere egin zituen eta mosaiko handi bat egin zuen Ama Birjina Assy-ko elizaren aurrealderako (Savoia, 1946). Stockholmeko eta Parisko balletentzat dekorazio lanak ere egin zituen. Europako eta Ameriketako museo garrantzitsuenetan daude ikusgai Leger-en obra ezagunenak. Titulu nagusiak: La Noce, Les Fumées dans les toits, Paris par la fenętre, La Femme en bleu, L’Escalier, Les Fumeurs, La Partie de cartes, Le Mécanicien, Le Grand Déjeuner, La Lecture, La Joconde aux clés, Les Cyclistes, Constructeurs eta La Grande Parade.