Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lebed, Aleksandr

Errusiar militar eta politikaria (Novotxerkassk, 1950). Langile baten semea zen, eta Ryazan-go ikastetxe militar ospetsuan graduatu zen. Sobietar Batasuneko Heroiaren Domina eman zioten Afganistanen egin zuen lanarengatik (1981-82), eta Frunze-ko akademian militar ikasketa berriak egiten ari zela, parakaidisten errejimentuko komandanteorde izendatu zuten Ryazanen. Kaukason eta beste leku iskanbilatsuetan ere egon zen Sobietar Batasuna gainbehera zihoanean, eta besteak beste Moldaviako matxinatuak menderatu zituen 1992an. 1995eko maiatzean armada utzi eta, politikagintzan murgilduz, aulki bat bereganatu zuen parlamentuan, 1996an bere burua lehendakarigai gisa aurkeztu baino lehen. Errusiako botere egitura ustelduan aldaketa zabalak aldarrikatuz, botoen % 15 eskuratu zuen, Txetxeniako bake batzordean dimititu eta handik urtebetera egin ziren hauteskundeetan. Errusiar Federazioko Segurtasun Kontseiluko idazkari ere izan zen Lebed, baina 1996ko urrian Eltsinek kargutik kendu egin zuen bere konfiantzazko taldea antolatzen ari zelakoan.