Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Laskine, Lily

Frantses musikagile eta harpa-jotzailea (Paris, 1893 - Paris, 1988). Pianoa ikasi zuen lehenbizi. Baina berehala hasi zen harpa lantzen. Parisko Kontserbatorioan hasi zen eta han Alphonse Hasselmans (1845-1912) eta Georges Martyren (1860-1908) ikasle izan zen. Hamabi urte zituela eman zuen lehenengo harpa kontzertua, eta Kontserbatorioko lehenengo saria jaso zuen (1905). 1907. urtetik aurrera bidaiak egiten hasi zen. 1909an Parisko Operako Orkestran sartu zen; bertan sartzen zen lehenengo emakumea izan zen. 1926. urtea arte izan zen orkestra horretako kide. Horrez gainera, Parisen Serge Koussevitzkyk sortu zuen orkestrako harpa bakarlaria izan zen. Kargu hori bera izan zuen Lamoureux kontzertuetan (1921-1940 eta 1943-1945 urteetan), Straram Kontzertuetan (1926-1933), Orkestra nazionalean (1934. urtea arte), Parisko Orkestra Filarmonikoan eta Comédie-Françaisen. Ahalegin handiak egin zituen, bestalde, lan ahaztuak berreskuratzeko, batez ere, XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako musika lanak. Europako hiriburu nagusietan aritu zen eta jaialdi nagusietara gonbidatu zuten. 1948-1958 urte bitartean irakasle izan zen Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Horrez gainera, Nizako udako nazioarteko akademian aritu zen, eta hainbat eskola eman zituen mundu osoan.