Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Laos

(Izen ofiziala, Laosko Herri Errepublika Demokratikoa; lao hizkuntzaz, Sathalanalat Paxathipatai Paxaxon Lao). Asiako hego-ekialdeko estatua, Indotxinako penintsularen barnealdean. 236.800 km2 eta 6.521.998 biztanle (2007ko estimazioa, laostarrak). Mugak: iparraldean Txina, ipar-ekialdean eta ekialdean Vietnam, hegoaldean Kanbodia, eta mendebaldean Thailandia eta Birmania. Hiriburua: Vientian (700.000 biztanle, aldiriak barne). Hiri nagusiak: Savannajet, Louangphrabang, Pakse. Hizkuntza ofiziala: laosera. Etnia nagusiak: lao loum (% 68), lao theung (% 22), lao soung (% 9). Erlijioa: budistak (% 67), animistak (% 38), kristauak (% 1,5). Dirua: kip-a. ■ Biztanleak. Etnia nagusia lao etnia da. Biztanle gehienak nekazari inguruneetan bizi dira (% 80tik gora); laurdena inguru mendialdeetan eta gainerakoa Mekong ibaiaren eta haren adarren inguruetan. Laosek biztanle dentsitate aski apala du (23,4 bizt./km2) eta bizi itxaropena 53 urtekoa da. Biztanle kopuruaren hazkundea inguruko herrialdeen maila bertsukoa da (urteko % 2,3 ingurukoa) baina jaiotza tasa (emakumeko 4,68 haur) eta haurren heriotza tasa (‰ 81) handiak dira. Hizkuntza ofiziala lao hizkuntza da, baina frantsesa ere erabiltzen da administrazioan, merkataritzan eta hezkuntzan, eta bertako beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira.  v  Orografia eta hidrografia. Laos herrialde menditsua da, iparraldean batez ere; ipar-mendebaletik hego-ekialdera haran sakon meharrek gurutzatzen dute, ura Tonkingo golkoan isurtzen duten ibaiek eratuak. Iparraldeko mendiak 1.500 m inguru garai dira, eta Phou Bia mendian dute gailurra (2.820 m). Hegoaldea lur zati luze meharra da, ekialdean, Vietnamekin mugan, Annam mendiak (1.525-2.440 m) eta mendebalean Mekong ibaia dituena (1.865 km egiten ditu Laosen barrena). Mekong ibaiaren haranaren eskuinaldeko lur emankorrak dira Laosko lur lau bakarrak, eta lurraldearen ekonomiaren ardatza, han egiten baita arroz gehiena. Iparraldea eta hegoaldea goi-ordoki batek lotzen ditu; halaber, hego muturra 1.050 m inguruko goi-ordokia da.  v  Klima eta landaretza. Laosko klima tropiko artekoa da, beroa eta euritsua, montzoi haizeen mende baitago. Urtean zehar 1.500-1.700 mm euri egiten du behe aldeko lurretan eta 3.000 mm mendietan, maiatzetik urrira bitartean gehiena. Tenperatura abendu-otsaileko 16-21 °C-tatik apirila-maiatzeko 32 °C-ra bitartean aldatzen da.  v  Basoa da nagusi Laosen: Tropiko aldeko zuhaitzak ditu iparraldean (haritza, pinua, magnolioa eta erramua), eta montzoi-basoa eta hosto erorkorreko zuhaitzak hegoaldean (teka, palisandroa, ebanoa, sandaloa eta banbua). ■ Ekonomia. Laos da munduko estatu komunista ofizial bakarretakoa, baina ekonomiaren deszentralizazioa eta pribatizazioa bideratzeko neurriak hartzen hasi zen 1986 inguruan. 1991ko konstituzioak jabego pribatua eta merkatu askeko ekonomia onartu zituen. Neurri horiei esker hazkunde ikusgarria izan zuen 1988-2001 bitartean, Laosek Thailandiarekiko merkataritza harremanekiko zuen mendekotasun nabarmenaren ondorioz 1997ko Asiako krisiak ekarri zion etenaldi labur batean izan ezik.  Azken urteetan aurrerapen asko egin diren arren, Laosko azpiegiturak oso kaskarrak dira, eta horrek eragotzi du, hein handi batean, bertako ekonomiaren garapena: ez dago burdinbiderik, errepide sistema oso txarra da, eta telekomunikazioak oso atzeratuak. Eguneko ordu batzuetan argindarrik ere ez dago eremu askotan. ■ Ekonomiaren oinarria nekazaritza da; nekazaritzak hartzen du barne produktu gordinaren erdia eta langileen % 80. Arroza da gai nagusia, baina ez da lurren % 4 baino lantzen, eta ez du ematen herrialdearen beharrak asetzeko lain. Horrez gainera, sarritan lehorteak, izurriak eta uhuoldeak gertatzen direnez, elikagaien hornikuntzan arazoak sortu ohi dira urtero herrialdeko zenbait lekutan. Opioa ere ekoizten da. Industriarik ez dago ia, eta dauden lantegietan kontsumorako gaiak ekoizten dira. Azken urteetan asko hazi da zerbitzuen alorra eta bereziki turismoa. ■ Azken urteotan neurrigabe ustiatu dira Laosko baliabide naturalak; basoak soildu egin dira eta horren eraginez urak hondatu eta bertako habitat naturalen % 70 galdu dira. Gerrak iraun zuen 25 urteetan, bestalde, lantzeko lur egokien % 40 hondatu ziren. Baditu mea baliabideak eta hidroelektrizitatea ekoizteko aukera ere, eta azkenaldian gora egin du hidroelektrizitatearen esportazioak. ■ Gobernua eta gizartea. Laosko Herri Errepublika Demokratikoa 1975ean osatu zen, baina 1991 arte ez zen onartu konstituzioa. Konstituzio hori da gaur egun indarrean dagoena, eta haren arabera Laos Herriaren Alderdi Iraultzailea da legezko alderdi politiko bakarra. Aginpide betearazlea lehendakariaren ardura da, eta bera da estatuburua; nazio biltzarrak aukeratzen du lehendakaria, bost urtez behin, eta lehendakaria da ministro kontseiluaren burua. Lehendakariak Lehen Ministroaren, hau da gobernuburuaren, laguntzaz bideratzen ditu gobernuaren administrazio funtzioak. Legegintza, berriz, nazio biltzarraren ardura da. ■ Lurralde antolaketari dagokionez, Laosko lurraldea 16 probintziaz, udal batez eta barruti berezi batez dago osatua.  v  Kultura. Laosko kultura erlijioan eta ohituretan oinarritzen da, eta Vientiane hiriburuan izan ezik, Mendebalaren eragina ahula da. Budismoaren eta hinduismoaren mitoak dira kultura adierazpideetako gai erabilienak. Eskulangintzak (ehungintza, saskigintza, zurezko, bolizko, zilarrezko eta urrezko lanak), eta dantzak garrantzi handia dute. Literaturak erlijio gaiak lantzen ditu batez ere. ■ Historia. Laostarrak, VII. mendean, Txinako hego-ekialdean finkatu ziren eta Nantxaoko erreinu ahaltsua sortu zuten; tai herriaren adar baten ondorengoak dira. Tai herria, pixkana, Indotxinako penintsulara sartu zen eta hango jatorrizko kha leinuaren tokia hartu zuen. XII-XIII. mendeetan laostarrek Muong Swa (gero Luang Prabang, Louangphrabang gaur egun) printzerria eratu zen. Laosko historia idatziaren lehen berriak Fa Ngum buruzagiarenak dira, Lan Xang Laosko lehen estatuaren sortzailearenak, hain zuzen. 1353 eta 1371 bitarteko urteetan Fa Ngum-ek lurralde zabalak beretu zituen, gaur egungo Laos herriaz gainera Thailandiaren iparraldearen eta hegoaldearen parte handi bat ere, eta budismoa finkatu zuen lurraldean. Lan Xang erreinuaren urterik oparoenak Souligna-Vongsa buruzagiaren agintaldikoak izan ziren, 1637tik 1694ra. XVIII. mendean hasi zen erreinuaren gainbehera; izan ere, 1713an Lan Xang hiru erreinutan banatu zen (Vientiane, Txampassak, eta Luang Prabang), eta elkarren arteko gerrek, eta birmaniarren, vietnamdarren eta siamendarren erasoek ahulduta, Siam-en (gaur egun Thailandia denaren) zergapeko bihurtu ziren. XIX. mendean, Txao Anou Vientianeko erregea Siam-en morrontzatik askatzen ahalegindu zen Vietnamekin bat eginez, baina ez zuen bere asmoa gauzatzerik izan eta Siamgo probintzia bihurtu zen haren erreinua. Siam-en ipar-ekialderantz hedatzeko ahaleginek Frantziaren interesekin egin zuten topo, Frantziaren babespeko herria baitzen Vietnam. Frantziaren eta Siamen arteko liskar batzuen ondoren, Frantziak Siamek Mekong ibaitik ekialdera zuen lurraldea beretu zuen eta XX. mendearen hasieran babespean hartu zuen lurralde osoa. 1945ean japoniarrek frantsesak egotzi zituzten Indotxinatik eta Laosen burujabetasuna onartu zuten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Frantziak hartu zuen berriro lurraldearen aginpidea, eta 1949an nolabaiteko autonomia eman zion Laosi, betiere Frantziako Batasunaren barruan. 1950. urtean, Indotxinako gerran, Pathet Lao (Lao Herria) alderdi abertzale ezkertiarrak Vietminh Vietnamen askapenerako higikunde politikoarekin bat egin zuen Frantziaren kontrako gerran, eta gerra amaitu zenerako Laosko iparraldeko bi probintzia mendean zituen. 1954an Laosek independentzia osoa lortu zuen, eta hiru alderdi, ezkertiarra, neutrala eta eskuindarra, aginpidea lortzen ahalegindu ziren. 1957an koalizio gobernua eratu zen, 1960 arte iraun zuena, eta eskuindarren eta neutralen aginpidea lortzeko kolpe militar batzuen ondoren gerra zibila piztu zen. 1973an su-etena izenpetu zen gobernu ofizialaren eta Pathet Lao alderdiaren artean. 1974an koalizio gobernu bat eratu zen; Pathet Laok, ordea, gero eta indar handiago zuen eta 1975ean, herrialde osoa menderaturik, errepublika komunista ezarri zuen Laosen. Errepublika komunista ezarri zenetik, 1986 arte Souphanouvong printzea izan zen Laosko lehendakaria, baina benetako eragina eta eskumena Kaysone Phomvihane Lehen Ministro eta komunisten buruzagiak izan zuen. Gobernu marxista-leninistaren kezka nagusia ekonomia izan zen, eta horrela 1980 inguruan egoera ekonomiko larriari aurre egiteko neurriak hartzen hasi ziren; urteetan ordea ez zen emaitza onik lortu (1982rako 300.000 laostar zeuden ihes eginda). 1986an Phoumi Vongvichit izendatu zuten lehendakari eta Kaysone Phomvihanek jarraitu zuen alderdiko buru eta gobernuburu. Egoera ekonomikoaren larritasuna ikusirik, herrialde ez komunistekiko harremanak sendotu eta ekonomia liberalizatzeko neurriak hartu ziren, egoera jasanezina zelako, eta ekonomia sozialista gainbehera etorri zen: deszentralizazioa bideratu zen, estatuaren enpresen eraginkortasun faltari aurre egin zitzaion, pertsonen eta salgaien zirkulazio askea onartu zen, prezioak liberalizatu ziren, etab. 1990eko hamarraldian hobera egin zuen ekonomiak, nahiz eta Thailandiarekiko mendekotasun handia zuekan. 1991n Kaysone Phomvihanek hartu zuen lehendakari kargua. Konstituzio berria eman zen, alderdi bakarreko erregimena berretsi zen, etab. 1992an Phomvihane hil ondoren Nouhak Phoumsavane izendatu zuten lehendakari eta Khamtay Siphandone alderdiburu eta jenerala izan zen Lehen Ministro. Lehendakariak aurrekoaren bide berari jarraitu zion. 1995ean Estatu Batuek hainbat urtez Laosi ezarritako enbargoa kendu zuten eta 2004az gero merkataritza harreman normalizatuak dituzte bi herrialdeek. 1998an Khamtay Siphandone jeneralak lehendakaritza hartu zuen eta Sisavat Keobounphanh jenerala izendatu zuten gobernuburu. Gaur egun Choummaly Sayasone da lehendakaria (alderdiko idazkari nagusia) eta Bouasone Bouphavanh Lehen Ministroa.
http://www.laopdr.gov.la/