Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Labour Party

(Eusk. “Langileen alderdia”). Britainiar alderdi politikoa, sozialismoari lotua. 1900. urtean sortu zen Ingalaterran, sindikatuei lotua, eta 1906an hartu zuen Labour Party izena. Lehen Mundu Gerra garaian mamitu zen alderdiaren egitaraua, sozialismo marxistaren eta sozialismo liberalaren artekoa. Lehen eta Bigarren Mundu Gerren garaian laboristek koalizio gobernuetan  parte hartu zuten. 1945. urtean irabazi zituen lehen aldiz hauteskundeak, nazionalizazio eta gizarte zerbitzuetarako egitarau zabal bat aurkezturik. Gaur egun herrialde hartako alderdi nagusietako bat da. ■ Laborismo berria. 1980ko hamarraldiaren bukaera aldera, kontserbadoreen arteko desadostasun gero eta handiagoak zirela-eta, laboristek gora egingo zutela zirudien, baina 1987ko hauteskundeetan ez zuten agintea lortu. Arrazoi nagusia Margaret Thatcher Lehen Ministro kontserbadorearen ordez John Major hautagai aukeratu izana izan zen. Kinnocken kargua John Smithek hartu zuen, eta hau hil zenean,1994an, Tony Blair egin zuten Alderdi Laboristako buru. Blairrek Laborismo berria izeneko programa politiko bat ezarri zuen: ekonomian ikuspegi liberalagoa eta nazioarteko gaietan europeismo handiagoa bultzatzen zuen, eta ongizate estatuari buruz alderdiak sorreratik zituen printzipioak murriztu zituen. Aldaketa horiek eraman zuten alderdia berriz ere agintera, 1997ko maiatzeko hauteskundeak irabazi ondoren.