Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kupula

iz. Arkit. Esfera erdiaren formako egitura, zirkulu, obal edo poligono formako plano batean eraikia; gangaren antzekoa da, hura baino garaiagoa eta estuagoa. Lau osagai nagusi ditu: arkuen edo euskarrien gaineko erlaiza; erlaizaren gainean ezartzen den zilindroa; ganga, kupularen goiko partea; eta linterna, kupularen gaineko irtenunea edo dorretxoa. Erromatarren garaian erabili zen kupula lehenengoz; zirkulu formako pareta sendoen gainean eraikitzen ziren garai hartan (Erromako Panteoia). Ekialde Hurbilean, Bizantzion batez ere, kupulak oin karratuen gainean eraiki zituzten (Konstantinoplako Santa Sofia elizako kupula adibidez). Ekialdeko ohiko kupulak erraboil itxurakoak dira; oina estua dute, erdialdean zabaldu egiten dira eta punta zorrotza dute (Agrako Taj Mahal).