Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kuba

(Izen ofiziala, Kubako errepublika; Gazt., República de Cuba). Erdialdeko Amerikako estatua, Antilla Handiak Uhartediko uharterik handienak (Kuba, estatuaren lurren % 95 baino gehiago) eta beste txikiago batzuek osatua, Ozeano Atlantikoaren, Karibe Itsasoaren eta Mexikoko golkoaren artean dagoena. 110.520 km2 eta 11.423.952 biztanle (2008ko estimazioa, kubatarrak). Hiriburua: Habana (2.036.799 biztanle). Hiri nagusiak: Santiago, Camaguey, Holguin, Guantanamo. Hizkuntza: gaztelania. Gizataldeak: zuriak (% 65,05), mulatoak (% 23,84), beltzak (% 10,08). Erlijioa: katolikoa (% 39,6). Dirua: Kubako pesoa. ■ Biztanleak. Kubako biztanleriaren gehiengoa askotariko jatorriko taldeen ondorengoa da. Edonola ere, XX. mendean zehar demografian eragin handia izan dute emigrazio nahiz immigrazio mugimenduek; 1900-1930 bitartean milioi bat espainiar inguru iritsi ziren uhartera, baina mendearen bigarren erditik kubatar askok ihes egin dute, Estatu Batuetara nagusiki (1994an esaterako, 20.000 kubatar saiatu ziren Estatu Batuetara ihes egiten). Gaur egun milioi bat kubatar baino gehiago bizi da Kubatik kanpo, batez ere Floridan eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean. Barne emigrazioari dagokionez, eskualde batzuen eta besteen artean gorabehera nabarmenik egon ez zedin neurri zorrotzak hartu zituen gobernuak, landatik hirietarako joera zabaltzen hasi zenean. Kubako biztanleriaren hazkundea negatiboa da 2006az geroztik. Munduko haurren heriotza tasa txikienetakoa du, baina txikia da emankortasun tasa ere. Kubako bizi itxaropena Ameriketako altuenetakoa da, 75,5 urtekoa, batez beste. Irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da, eta biztanle orok du osasun arreta (sendagileak, erietxeak, botikak) eskuratzeko eskubidea. ■ Ekonomia. 1959. urteko iraultzarekin batera Kubaren egitura sozioekonomikoa kapitalismotik sozialismora igaro zenetik Sobietar Batasunaren laguntza jaso zuen Kubak, 1990ean Sobietar Batasuna gainbehera etorri zen arte. 1990eko hamarraldira arte, beraz, Kubako ekonomiaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuen Sobietar Batasunetik jasotako laguntzak, baina harrezkero zailtasun handiak bizi izan ditu Kubak, 1960az gero Estatu Batuek bertako ekonomia hondatzeko eta horrela gobernu komunista eraisteko asmoz ezarri zioten enbargoari aurre egiteko besteak beste (azukrea inportatzeari utzi eta Kubari ezer saltzeari uko egin zioten). Krisiari aurre egin ahal izateko, energia kontsumoa murrizteko oso neurri zorrotzak hartu ziren, elikagaien kontsumoa kontrolatzen hasi zen gobernua, eta kontsumorako ondasunak asko urritu ziren. Gobernuak 1995ean azaldu zuenez, barne produktu gordina % 35 jaitsi zen 1989-1993 bitartean. 1993an ekonomia liberalizatzeko lehenengo neurri bereziak hartu behar izan zituen estatuak, kontsumorako ondasunak eta zerbitzuak ugaritzeko, elikagaien murrizketak alde batera utzi ahal izateko etab.; ordu arte oinarri marxista izan zuen ekonomia apur bat malgutu eta enpresa pribatuei ehun bat ekonomia jardueretan parte hartzeko baimena eman zitzaien. 1994an nekazaritza eraberritzen eta liberalizatzen hasi zen, kubatarrei kanpoko dibisak edukitzea onartu zitzaien (ordu arte legez kanpo zegoen), eta pesoaren eta dolarraren arteko trukea arautu zen. Horrekin batera atzerriko inbertsioak onartu ziren, 1995etik aurrera, jarduera guztietan, osasunean, defentsan eta hezkuntzan izan ezik. Estatu Batuek Burton-Helms legea eman zuten, ordea, zeinaren arabera hirugarren herrialdeen bitartekaritzaz Kubarekin harremanak dituzten enpresak zigortzen baitzituen. Era berean, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza galarazi zion lege horrek Kubari. Dena dela, zenbait enpresa atzerritarrek Estatu Batuen presioari aurre egiteko hainbat trikimailu erabiliz inbertsioak egiten jarraitu zuten. Horrela, barne produktuaren gainbehera eten egin zen eta 1997. eta 1998. urteetan hazkundea mantsotu egin zen arren, hazten ari da Kubako ekonomia, turismoaren hazkunde etengabeari esker nagusiki. 2007an % 7,5 hazi zen, aurreikuspena baino gutxiago, baina Latinoamerikako gainerako herrialdeena baino askoz ere gehiago. ■ Nekazaritza garrantzi handiko ekonomia jarduera da Kuban, azukre kanaberaren lanketa batez ere. Munduko azukre kanabera esportatzaile handiena da eta hirugarren ekoizlea, Brasilen eta Indiaren ondotik. Nekazaritzako bigarren gai nagusiak tabakoa eta zitrikoak dira; garrantzi handiko esportazio gaia da tabakoa. Kafea, arroza eta barazkiak ere lantzen dira, baina hiru gai horiek baitira nagusiak, Kubako ekonomia oso mugatuta dago, gai horien uztaren eta prezioaren mende. ■ Industria nagusiak, nekazaritza gaiena (azukrea, alkohol industriala, rona) eta tabakoarena dira. Castroren erregimenaren ahalegin nagusietako bat industria ugaritzea eta jarduera berriak sortzea izan da, baina erregai merkerik ez dagoenez eta oso lehengai gutxi dutenez, zailtasun handiak daude industria astuna garatzeko. ■ Mea ugari dago Kuban, baina behar bezala ustiatu gabeak. Nikelaren ekoizpena da nagusia. Bestalde, garai batean zura baliabide natural oparoa izan zen Kuban, eta 1960 inguru arteko baso soiltze izugarriaren eraginez aberastasun asko galdu zuen arren, gobernuak berriro zuhaitzak landatzeko antolaturiko programari esker, 1990eko hamarraldiaren hasierarako berriro landatuta zeuden basoak. ■ Kanpoko dibisak turismoaren bidez eskuratzen ditu Kubak. Turismoa da, hain zuzen ere, ekonomiaren ardatz nagusia. 2000an, esaterako, 1.773.986 bisitari atzerritarretik gora hartu zituen Kubak. ■ Gobernua eta gizartea. Kuba estatu sozialista da. Kubako Alderdi Komunista da legezko alderdi politiko bakarra; alderdia da Kubako gizartearen organismo politiko gorena, eta haren mende dauden masa erakundeen bidez zabaltzen du bere aginpidea. 1976an onartu zen konstituzioaren arabera, nazio biltzarrak du legegintzako ahalmena. Biltzarra probintzietako eta udalerri bereziko ordezkariek osatua da, eta bost urtez behin aukeratzen da. Nazio biltzarraren batzorde iraunkorrak edo estatu batzordeak estatu eta gobernu burua, gudarostearen burua ere badena, eta ministro batzordea aukeratzen ditu (Raul Castro da agintaria). Aginpide betearazlea eta administrazioa ministro kontseiluaren eskumenean dago, eta Castro da lehendakaria. ■ Kubako lurraldea 14 probintziak eta udalerri berezi batek osatua da: Camaguey, Ciego de Avila, Cienfuegos, Ciudad de La Habana, Granma, Guantanamo, Holguin, Isla de la Juventud, La Habana, Las Tunas, Matanzas, Pinar del Rio, Sancti Spiritus, Santiago de Cuba, Villa Clara. La Juventud udalerri berezia da, eta estatuaren zuzeneko eskumenean dago. ■ Historia. Kubako lehen biztanleak ziboney, guanahatabey eta geroago heldu ziren arawak (edo taino) indiarrak izan ziren. Kristobal Kolonek, bere lehen bidaian, Kubako kostaldea aztertu zuen, baina 1511. urtea arte ez zen hasi uhartearen konkista.  v  Konkista eta kolonialismoa. 151n hartu zuten egoitza lehen espainiarrek uhartean Diego Velázquezen gidaritzapean (Hernán Cortés, Bernal Díaz del Castillo, Pedro de Alvarado, Bartolomé de las Casas eta 300 soldadu). Konkistatzaileek berehala menderatu zituzten indiarrak, eta urte gutxiren buruan, lan gogorra egitera beharturik, eta europarren gaixotasunek sortutako izurriteen ondorioz ia desagertzeraino urritu ziren (100 mila ingurutik 5.000ra 1540an, eta 1.000ra 1570an). Indiarrik ezean Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako. Uhartea menderaturik, zenbait hiri sortu ziren hurrengo urteetan, eta Kuba Ameriketarako espedizio askoren abialekua izan zen. XVII. mendean koloniak ingeles, holandar eta frantses piraten erasoei aurre egin behar izan zien. XVIII. eta XIX. mendeetan Kubak azukre kanaberaren ekoizpena, esklaboen inportazioa eta azukre industria izan zituen ekonomiaren aurrerabide. XIX. mendearen erdialdean Kubako azukre industria munduko aurreratuena zen, eta Estatu Batuak zituen bezero eta finantzatzaile nagusiak. 1865ean esklaboen salerosketa debekatu zen eta Mexikoko indiarrak eta txinatarrak kontratatu ziren lanerako, baina esklabotasunak indarrean jarraitu zuen 1868a arte. XIX. mendearen bukaeran Espainiarekiko harremanak gaiztotu ziren (erreforma ekonomiko-sozialek huts egin zuten eta zergak jaso ziren) eta matxinada batzuen ondoren, 1868an hasi zen indenpendentziaren lehen gerra Carlos Manuel de Céspedesen gidaritzapean (“Hamar urteko gerra”). Bake hitzarmen batekin eman zitzaion amaia gerrari, baina kubatar batzuek ez zituzten eskainitako baldintzak onartu eta borrokan jarraitu zuten. Estatu Batuetan erbesteratua zegoen José Martí idazle eta politikariaren gidaritzapean, askapen mugimendua antolatzen hasi zen 1892an, Kubako Alderdi Iraultzailea sortu zen, eta 1895ean independentziarako bigarren gerra piztu zen. 1898ko otsailean, leherketa baten ondorioz Habanan portuan zegoen Estatu Batuetako Maine gerra ontzia hondoratu zenean Estatu Batuek gerra deklaratu zioten Espainiari (apirilaren 25). Estatu Batuetako gudarosteak erraz menderatu zuten Espainiakoa eta Parisko itunean (abenduaren 10) Espainiak Kuba, Puerto Rico, Guam eta Filipina uharteak utzi behar izan zizkien Estatu Batuei. Estatu Batuak Kuban egon ziren denboran (1989ko apirilaren 1etik 1902ko maiatzaren 20 arte) beren hezkuntza, ekonomia eta kultura ezartzen ahalegindu ziren. 1901ean konstituzio errepublikarra onartu zen, nazioarteko hitzarmenak, ekonomia eta barne arazoak Estatu Batuen mende zeudela. Horrez gainera ontzi base bana ezarri zuten Bahia Hondan (1913an itzulia) eta Guantanamon.  v  Kubako errepublika. Tomás Estrada Palma izan zen Kuba independentearen lehen lehendakaria (1902), eta 1906ko hauteskundeetan agintaldian jarraitzeko ahaleginak Estatu Batuetako gudarostearen esku-hartzea ekarri zuen, 1909 arte uhartean egon zena. 1909an José Miguel Gómez liberalak hartu zuen lehendakaritza. Haren agintaldian ekonomiak aurreramendu handia egin zuen Estatu Batuetako inbertsioekin, azukre industriarekin, turismoarekin eta jokoarekin, baina ustelkeria eta Kubako beltzekiko bidegabekeriak handiak izan ziren. Beste gobernu ustel batzuen ondoren, 1933an Ramón Grau San Martín irakasleak eta Fulgencio Batista sargentoak lehendakari eta gudarostearen buruzagi karguak hartu zituzten hurrenez hurren. Hurrengo urteetako gobernuak Batistaren eskumenean egon ziren. 1952an kolpe militarra jo eta aginpidea eskuratu zuen Batistak.  v  Kubako iraultza eta sozialismoa. Batistaren kontrako oposizoa zabala zen: unibertsitateko ikasleak, langileak eta erdi mailako klasea. 1956aren bukaeran Fidel Castro abokatuak Sierra Maestrako mendietan babes harturik, Fulgencio Batista diktadoreari aurre egiteko gerrilla antolatu zuen. 1958an, Castrok, bere anaia Raul, Camilo Cienfuegos eta “Che” Guevararekin batera, Batista ihes egitera behartu zuen, eta 1959ko urtarrilaren 8an Habanan sartu zen. Castrok Lehen Ministro kargua hartu zuen eta Manuel Urrutiak errepublikaren lehendakariarena. 1959ko uztailan Osvaldo Dorticosek hartu zuen lehendakari kargua. 1961ean talde iraultzaileek Kubako Iraultza Sozialistaren Alderdi Batua sortu zuten, 1965etik aurrera Kubako Alderdi Komunista izan zena. Kubak Sobietar Batasunaren sozialismoa hartu zuen eredutzat eta lankidetza hitzarmenak izenpetu ziren bi herrialdeen artean. Kubako gobernuak nekazaritzaren erreforma egin eta lurrak nekazarien artean banatu zituen, banketxeak, azukre industria, atzerritarren ondasunak eta industria nazionalizatu zituen, hezkuntza, alfabetatze kanpainak eta hirigintzaren erreforma bultzatu zituen. Aldaketa horien ondorioz Estatu Batuen eta Kubaren arteko harremanak gaiztotu ziren; 1961ean Estatu Batuak uhartea mendean hartzen ahalegindu ziren Cochinos badian, eta merkataritzaren blokeoa, Kubara esportatzeko debekua eta erregimen berria eraisteko konspirazioak bultzatu zituen. 1962an John F. Kennedy Estatu Batuetako lehendakariak Sobietar Batasunak Kuban ezarriak zituen misilak kentzeko agindu zion Kubari, eta kendu ezean uhartea hartuko zuela mehatxatu zuen. 1962an, Estatu Batuek hala eskatuta, Amerikar Estatuen Erakundetik (OEA) kanpo bota zuten Kuba, eta Kubak Latinoameriketako iraultza higikundeak sustatu zituenean OEAko herrialde gehienek Kubarekiko harremanak hautsi zituzten. Halaber, 1960-1970. urteetan Kubak gudarosteak bidali zituen Afrikara, Angolara eta Etiopiara batez ere, Sobietar Batasunaren estatu-bezeroei laguntzera. Halaber Asiako hego-ekialdeko iraultza mugimenduak bultzatu zituen. 1975ean Kubako Alderdi Komunistaren lehenengo biltzarra egin zen, eta 1976an konstituzio sozialista onartu zen. Urte hartan bertan ospatu zen lehenengo nazio biltzarra, eta bertan Fidel Castro, komunisten buruzagia, hautatu zuten estatu eta gobernuko buru (eta horren arabera, baita gudarostearen buru ere). Horrenbestez, iraultzaz geroztik Fidel Castro izan da Kubako burua, 2006ra arte. Castroren gobernuak sostengu handia izan zuen, hasieran batez ere, hezkuntza eta osasun zerbitzuak hobetu eta Kubako gizarte maila guztietara hedatu zituelako. Baina Kubak komunismoaren aldeko apustua egin zuelarik, bakarturik gelditu zen inguruko herrietatik (1962an bertan, esaterako, Amerikar Herrien Erakundetik egotzi zuten, Estatu Batuen presioaren eraginez). Blokeo ekonomikoa eta komertziala ezarri zitzaion, eta bertako ekonomia Sobietar Batasunaren laguntzaren mende geratu zen. 1975-1989 bitartean marxisten alde borrokatu zen Kubako gudarostea Afrikako zenbait herrialdetan, adibidez Angolan eta Etiopian, eta laguntza eman zien Latinoamerikako eta Karibe inguruko zenbait herrialderi, Nikaraguari, Guyanari edo Grenadari besteak beste; dena dela, eta zenbait gudutan parte hartu zuen arren, Herrialde Lerrokatu Gabeen Erakundearen bilera Kuban egin zen 1979an, eta Castro aukeratu zuten buruzagi, hurrengo hiru urteetarako. 1989an, Sobietar Batasunean aldaketa politikoak abian jarri zirenean, Kubak ez zion bide berari jarraitu, eta are bakartuago gelditu zen. Azkenik, Sobietar Batasuna gainbehera etorri zenean haren laguntza galdu zuelarik, arazo ekonomiko larriek itota gelditu zen. Bestalde, 1961ean Estatu Batuek ezarri zioten blokeoa are gehiago indartu zen ondorengo urteetan, eta arazo larriak sortu ziren hari aurre egiteko. 1992an NBEk enbargoa bertan behera geldi zedin eskatu zien Estatu Batuei, baina egoerak bere horretan jarraitu zuen eta emigrazio mugimendu handiak gertatu ziren, Kubatik Estatu Batuetara bereziki. 1994an Kubatik ihes egiten ahalegindu ziren oldeak ikusirik, Kubako gobernuak eragozpenik ez zuela jarriko iragarri zuen, baina Estatu Batuek ezin zuten onartu halako emigrante multzo handia eta mugak itxi zituzten. Azkenean bi herrialdeen artean hitzarmen bat sinatu behar izan zuten emigranteen arazoari irtenbidea emateko. 1996an Estatu Batuek Hemls-Burton legea eman zuten, Kubako erregimenaren kaltetan, nahiz eta Europar Batasuna lege haren kontra agertu zen. 1998an nazio biltzarreko buru hautatu zuten berriro ere Fidel Castro, hurrengo bost urteetarako. Urte hartan bertan Joan Paulo II.a aita santuak bisitaldia egin zuen Kubara, eta gobernuak zenbait preso politiko askatu zituen; Estatu Batuek Kubaren kontrako neurriak malgutu zituztelarik, bi herrialdeen arteko harremanak hobera egin zuen, nahiz eta tarteka istiluak sortzen diren. Bestalde, Kubak harreman estuak ditu hainbat herrialderekin, Txina, Erursia, Mexiko, Venezuela, Argentina, Bolivia eta Espainiarekin, besteak beste. 2006an, Fidel Castrok bere anaia eta ordura arte lehendakariorde izendako Raul Castroren esku utzi zuen agintaritza, behin-behinean, osasun arazoak zirela medio. 2008an legebiltzarrak lehendakari hautatu zuen Raul, Fidelek behin betiko kargua utzi ondoren.
http://www.cubagob.cu/