Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kroto, Harold

Britainiar kimikaria (Wisbech, Cambridgeshire, Ingalaterra, 1939). Sheffieldeko Unibertsitatean egin zituen kimika ikasketak. Doktoregoa lortu ondoren (1964) hiru urte eman zituen Kanadan eta Estatu Batuetan ikasketak sakontzen. Gero eskolak ematen hasi zen Sussexko Unibertsitatean. 1991n Kimikako Errege Elkarteko ikerketaburu izendatu zuten. 1970eko hamarraldian mikoruhinen espektroskopiako ikerketak egin zituen. Irratiastronomia baliatuta espazioan sortzen diren molekulen ibilbideak aztertu zituen; batez ere, karbono eta nitrogenoko katea luzeko molekulak interesatzen zitzaizkion. Krotoren ustez katea horiek karbono izarretan eratzen ziren, hau da, karbono ugariko izar erraldoien eguratsetan. Bera katea horiek sortzen ziren baldintzak antzeratzeko modua bilatzen ari zen. 1985ean Houstonera (Texas) joan zen, Riceko Unibertsitatera. Han, bere lagun bat, Robert F. Curl, Riceko beste katedradun Richard E. Smallyrekin batera, azken honek diseinatutako laser berezi bat frogatzen ari zen, gaiak lurrun bihurtzen eta atomoen agregatu txikiak (cluster-ak) sortzen. Karbono clusterrak sortu zituzten grafitotik, heliorekin nahastu zituzten gero, eta hutsa egindako ganbera batean hozten utzi. Clusterrak aztertzean, karbono katea luzeen ordez, karbono atomoen egitura itxiak eta simetrikoak aurkitu zituzten, 60 atomokoak. Karbono molekula berriak (C60) futbol baloiaren antzeko egitura zuen, eta baita Bukminster Fuller arkitekto estatubatuarraren kupula geodesikoen antza ere. Kroto eta bere lankideek bukminsterfulereno izena jarri zioten. Aurkikuntza horregatik, hau da, grafitoa eta diamantea ez bezalako karbono mota berria aurkitzeagatik, Kroto, Smalley eta Curlek Kimikako Nobel saria jaso zuten 1996an.