Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kroaziako gerra

Kroazian nazionalistek antolaturiko erreferendum baten ondoren (1991ko maiatza) kroaziarrek independentzia aldarrikatu zutenean hasi zen gerra, serbiarrek ez baitzuten erreferendumaren emaitza onartu. 1995. urtean amaitu zen, Daytongo eta Erduteko akordioak izenpetu zirenean. ■ Gerra aurreko egoera. 1990. urteko maiatzean egin ziren Kroazian lehen hauteskunde libre eta alderdi-anitzak. Kroaziar Elkargo Demokratikoa (HDZ) alderdi nazionalista izan zen, gehiengoa lortuta, irabazlea, eta alderdi horren buruzagia, Franjo Tudjman, hautatu zuen Legebiltzarrak Errepublikako presidente. Era horretan, federazioaren etorkizuna zela-eta, areagotu egin ziren Belgradeko buruzagi serbiarrekiko tentsioak; izan ere, HDZ alderdiak independentzia ekonomiko, politiko eta militar handia eskatzen zuen Kroaziarentzat. S. Milosevic buru zuen serbiar errepublikako agintarien gogortasunak ezinezko egin zuen kroaziar burujabetzari buruzko negoziazio oro. 1991ko maiatzean, kroaziarren % 94k independentziaren aldeko botoa eman zuen HDZ alderdiak antolaturiko erreferendum batean; Kroaziako serbiarrek –Kroaziako biztanleria osoaren % 11, 5, batez ere Krajinan bildua–, boikota egin zioten erreferendumari. Kroaziaren independentzia, 1991ko ekainaren 25ean aldarrikatua, ez zuten onartu, ez gobernu federalak, ezta Krajinako serbiarrek ere. ■ Gerra. Ez HDZren aginpidea, ez independentziaren ikurrak (bandera berriak naziek Bigarren Mundu Gerran sorturiko Ustasharen Kroazia independentearena gogorarazten zuen), ez zituzten onartu Krajinako serbiarrek, eta armak hartu eta armada federalaren laguntza eskuratu zuten. Armada federala, pixkana-pixkana, serbiarren mende geratu zen; kroaziar soldadu askok desertatu eta gudaroste federalaren kontrako erakunde militar bat sortu zuten HDZren gidaritzapean, Kroaziako lurraldearen defentsarako. Borrokaldiak izan ziren Karlovac, Osijek, Zadar eta Dubrovnik hirien aldirietan eta Vukovar erori zenean, armada federalak kroaziar lurraldearen % 30en kontrola lortu zuen. Europako Erkidegoak (gaurko Europar Batasunak), hasieran, ez zuen onetsi nahi izan Kroaziaren independentzia, eta nahiago izan zuen gobernu federalaren alde jarri (Ante Markovic zen presidente). Nolanahi ere, Balkanetako nazio auziaren konplexutasuna, eta higikunde nazionalista gainerako errepubliketara zabaltzeko arriskua zela-eta, larritasunez ikusten zen atzerrian Kroaziako egoera. Alemaniak, kontuan izan gabe arbitratze batzordearen ezezko iritzia (Europako Erkidegoak ezarri zuen batzordea independentziaren baldintzak aztertzeko), Kroaziaren independentzia onestea erabaki zuen bere aldetik 1991ko abenduan. 1992ko urtarriletik apirila bitartean, hogeita hamar bat herrialdek –Europako Erkidegoko kideak ziren gehienak–, Kroaziaren independentzia ezagutzea erabaki zuten. 1992ko maiatzean onartu zuten Kroazia Nazio Batuen Erakundean. Bitartean, gudaroste federalaren eta lurraldearen defentsak eutsitako kroaziar milizien arteko borrokaldiak ez baitziren eteten, NBE esku hartzera deliberatu zen, eta nazioarteko oste bat (UNPROFOR) bidali zuen Kroaziara 1992ko martxoan. Ez zen lortu ordea gatazkari konponbiderik ematea, ez alderdi militarretik ez politikotik. 1993ko urtarrilean borrokaldiak izan ziren Krajinan eta Maslenicako eskualdean. 1994ko martxoan, Bosniako oste kroaziar-musulmanekin aliantza bat izenpetu baitzuten kroaziarrek, aliantza horrek aski gorabehera izan zuen arren, kroaziar gudarosteak esku hartu ahal izan zuen Bosnian, eta, kroaziarrentzat garrantzitsuagoa zena, 1995eko maiatzean, Mendebaldeko Eslavoniako lurraldeak berreskuratu zituen. ■ Gerraren bukaera. 1995eko abuztuan, erasoaldi gogor bat egin zuten kroaziarrek Krajinako serbiarren kontra, Jugoslavia ohiko gatazkek sortu duten biztanleen ihesaldirik handienetako bat eragin zuena. 300.000 serbiarretik gora atera ziren Krajinatik Serbia aldera. NATOren bonbardaketek ahulduta, Bosniako serbiarrek ez zuten gerran gehiago esku hartu, ezta Belgradeko agintariek ere. Serbiarren kontrako garaipen militar horiek gehiengoa eman zioten, alde handiz, HDZri 1995eko urriko hauteskunde aurreratuetan; aldi berean ordea gogor salatu zuen oposizio gero eta lehiatsuago batek erregimenaren autoritarismoa. Bosnia-Herzegovinako bakeari buruzko Daytongo akordioez gainera (1995eko abendua), Kroaziak ere izenpetu baitzituen, Ekialdeko Eslavoniaren gaineko Erduteko akordioek –ordu arte serbiarren osteen esku egona baitzen eskualde hori–, kroaziar estatuak pixkana-pixkana 1991. urtean zituen muga berak berreraiki ahal izan zituen.