Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kozintsev, Grigori

Jatorri ukrainarreko zinemagile sobietarra (Kiev, 1905 - Leningrad, 1973). Meyerhold eta Maiakovski-ren eragina izan zuen gaztetan, eta komedia bitxiak egiten hasi zen, baina esperimentalismoan ahitu gabe Babilonia Berria (1929, Novy Vavilon) film ederra egin zuen Pariseko komunan oinarri hartuta, Shostakovitx-en musikarekin. Errealismora etorririk, “Maximo” pertsonaia sortu eta haren bizitza filmatu zuen: langile soil baten bilakaera sobieten herrian. On Kixote-k (1957, Don Kihot) Nikolai Txerkasov antzezlearen handitasuna erakusten du, eta Shakespeare-ren Hamlet (1964, Gamlet) eta Lear Errege (1971, Korol Lir) moldaketa zoragarriek nazioarteko ospea eta begiramena ekarri zioten.