Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kotxintxina

(Vietnameraz Nam Ky). Frantsesek Vietnameko hegoaldeko lurraldeari eman zioten izena. Kanbodiako ekialdean dago, Siameko golkoaren ertzean, Txinako itsasoaren hegoaldean. 64.100 km2 eta 13.000.000 biztanle. Hiriburua, Saigon (egun, Ho Chi Minh). Nekazaritza (arroza batez ere, artoa, patata, kokoak, kotoia) eta arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. Champa eta Khmer erresumetan banatua izan da mendeetan zehar Kotxintxinako lurraldea. XV. mendean hartu zuen Kotxintxina Le Thanh Tong enperadore vietnamdarrak. Nguyen familiaren mende egon zen XVII-XVIII. mendeetan eta Txinaren esku geroago. Frantsesek bere mendeko lurralde egin zuten Saigon 1859. urtean. Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan vietminh-en mende geratu zen Saigon baina britainiarrek Kotxintxina hartu zuten Saigon frantsesen esku uzteko (1945). 1949 arte egon zen Kotxintxina frantsesen esku.