Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kostunica, Vojislav

Serbiar politikaria (Belgrad, 1944). Serbiako Oposizio Demokratikoko (DOS) liderra, Jugoslaviako lehendakaria. Zuzenbideko irakasle izan zen unibertsitatean, 1974 arte; urte hartan bere lanpostutik egotzi zuten Titoren kontra agertzeagatik. 1992an Serbiako Alderdi Demokratikoa (DSS) sortu zuen. 2000ko abuztuan 18 talde liberal eta nazionalistez osaturiko Aldaketarako Aliantzaren hautagai izatea onartu zuen; taldeak urte bereko irailean esku hartu zuen hauteskundeetan Serbiako Oposizio Demokratikoa (DOS) izenarekin. Bere hitzaldian, gogor kritikatu zuen Kostunicak Mendebaldea Kosovo Serbiari kendu izangatik, 1999ko udaberriko bonbardaketen ondoren; orobat azaldu zen Milosevic-en kontra, Serbiar nazionalismoaren galtzailetzat akusatuz. Hauteskundeak egin zirenean (2000ko iraila), hauteskunde batzordeak adierazi zuen Kostunicak botoen % 48,22 lortu zuela, eta Milosevic-ek % 40,23. Batzordeak ordea ezeztatu egin zuen Kostunicaren hautapena eta Milosevic-ek ez zuen onartu bere galera; hurrengo egunean protesta handiak izan ziren batzordearen erabakiaren eta Milosevic-en aurka eta Kostunicaren alde. Azkenean, Milosevic-ek amore eman zuen eta ezagutu zuen Kostunica presidente berritzat. Abenduko legebiltzarreko hauteskundeetan, Kostunicaren DOS alderdiak garaipen erabatekoa izan zuen, eta garaipen horrek sendotu zuen Kostunica bere karguan. Haren ondoren, Kostunicak erreforma demokratikoak iragarri zituen, Milosevic-en erregimena erabat deuseztatuko zutenak. Arazoak larriak dira ordea oraindik ere Jugoslavian: albaniar-kosovotarrek independentziaren aldeko borrokan jarraitzen dute, Mazedonia inguruan bereziki, eta Montenegron oso indartsua da Serbiarengandik banatzeko higikundea.