Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kossuth, Lajos

Hungariar politikaria (Monok, Zemplengo konderria, 1802 - Turin, 1894). Zuzenbide ikasketak egin ondoren diputatu hautatu zuten; Parlamentuan 1832-1836 bitarteko urteetan izandako eztabaidak plazaratu zituen eta, ondorioz, atxilo hartu eta espetxeratu zuten. Aske geratu zen 1840. urtean eta Pesti Hirlap egunkaria sortu zuen eta haren zuzendari izan zen (1841-1844). Handik gutxira Austriarekiko merkataritzari boikota egitea eskatzen zuen defentsarako elkartea sortu zuen eta diputatu egin zuten berriro (1847). Iraultza garaian konstituzio bat idatzi zuen eta Finantza ministro izan zen Batthyany-ren gobernuan (1848). Vienarekiko harremanak hautsi zirenean defentsarako batzordeko lehendakaria zen eta, gudarostea aldeko zuela, Hungaria guztia menderatu zuen. Budapest austriarrek konkistatu zutenean Debrecen-go hirira erbesteratu zen baina Budapestera itzuli zen Bem-eko garaipenari esker eta Hungariako independentzia aldarrikatu zuen (1849. urteko apirilaren 14). Errusiarren parte-hartzeak Turkiara erbesteratzera behartu zuen eta handik Londresa jo zuen. Italiako gerran (1859) hungariar legioa osatu zuen baina ez zuen gerran parte hartzeko betarik izan, gerra berehala amaitu baitzen. Estatu Batuetan bizi izan zen eta uko egin zion Hungariako gobernuak eskainiriko amnistiari. Turingo hirira erretiratu zen betiko.