Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kosmogonia

iz. Munduaren sorrerari buruzko teoria, mitologia nahiz jakintza bidezkoa.  v  Teoria kosmogoniko zientifikoak. Aurren aurreneko teoria kosmogoniko zientifikoa Descartesena da. Planeta sistemen aniztasuna proposatzen du Descartesen teoriak. Buffonek azaldu zuen lehenengoz katastrofeen teoria, gerora arrakasta handia izango zuena. Haren arabera, Eguzkiak talka egin zuen kometa batekin. Kantek 1755ean eta Laplacek 1796an, bakoitzak bere aldetik, eta oinarri ezberdinetatik hasita nebulosen teoria era modernoan azaldu zuten. Baina 1944an Schmidt-en eta Weizsäcker-en lanei esker nebulosaren teoriara itzuli zen kosmogonia. Izarren bilakaera azaltzen zuen teoriarik ezagunena Norman Lockyer-ek azaldu zuen 1890ean. Lockyer-en ustez, nebulosaren gaia uzkurtu egiten zen, eta handik izar gorri erraldoia sortzen zen. Era berean azken hori, atzera uzkurtu eta izar urdin bihurtzen zen, hoztu eta izar gorri nano bihurtu arte. Baina Eddington-ek 1917an masa-argitasuna arteko erlazioa azaldu zuenean, Lockyer-en teoria bertan behera utzi zen, zeren izar nanoen masa 100 aldiz txikiagoa baita erraldoiena baino, eta beraz, ezin zitekeen gertatu halako masa galtzerik.