Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kosinski, Jerzy

Estatubatuar eleberrigilea, poloniarra jatorriz (Lodz, 1933 - New York, 1991). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, historia eta politika zientzietako ikasketak egin zituen, Lodzeko Unibertsitatean. Sobietar Batasunean ikasketak sakondu ondoren, Estatu Batuetara emigratu zen, 1957an. Ingelesez idatzi zuen bere obra guztia. Bere lehen eleberria du obrarik ezagunena: The Painted Bird (1965, Txori margotua), haur judu baten kontakizun lazgarria, Bigarren Mundu Gerran kokatua. Eleberrian zehar indarkeriak eta ankertasunak goren maila iristen dute, eta Kosinskiren estilo lehor gogorrak areagotu egiten du gaiarena berarena. Haurrak pairatzen dituen torturak, fisikoak zein moralak, monotoniaz kontatuak, gizakiaren halabeharrezko gaiztakeriaren ondorio gisa azaltzen dira. Beste lan batzuk: Steps (1968, Urratsak); Being There (1971, Hantxe); The Devil Tree (1973, Zuhaitz deabrua); Cockpit (1975); Blind Date (1977, Hitzordu itsua); Passion Play (1979); Pinball (1982).