Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Koprülü

Inperio otomanoko bost bisir eman zituen albaniar jatorriko familia turkiarra (1656-1710).  v  Mehmet Koprülü. Koprülü dinastiaren sortzailea (Rudnik, Albania, 1575 - Andrinopla, 1661). Konya, Trebisonda eta Damaskoko gobernaria izan zen eta 1656an bisir kargua hartu zuen. Mehmet-ek inperioko istiluak konpontzeko neurri gogorrak hartu zituen: erbeste bidean jarri zituen gogoko ez zituen ulemak, matxinaturiko 4.000 soldadu hilarazi zituen, veneziarrak ohildu zituen Dardaneloetatik eta gogor zapaldu zituen Anatolia, Siria eta Egiptoko matxinadak.  v  Fazil Ahmet Paxa. Inperio otomanoko bisirra (Vezir-Kopru, Anatolia, 1635 - Andrinopla, 1676). Mehmet-en seme nagusia zen eta haren ondoan ikasi zuen. Aitaren kargua hartu zuen hura hildakoan eta Hungaria eta Kreta (1669) inbaditu zituen. 1672an Poloniaren aurkako gerrari ekin eta Ukrainako zati bat bereganatu zuen. Aitaren obrari jarraia eman zion eta, kulturaz arduratuta, liburutegi zabal bat sortu zuen.  v  Fazil Mustafa Paxa. Inperio otomanoko bisirra (Vezir-Kopru, Anatolia, 1637 - Slankamen, 1691). Mehmeten bigarren semea zen eta teologia ikasketak egin zituen. Mehmet IV.aren aurkako matxinadan parte hartu zuen 1687an eta bisir egin zuen Suleiman II.a sultanak 1689an. Garaipen batzuk lortu zituen Hungarian eta Belgradeko hiria hartu zuen (1690). Belgradetik hurbil hil zuten, Slankamengo guduan (1691).  v  Husein Paxa. Inperio otomanoko bisirra (1644 - 1702). Mehmeten biloba zen. Gobernari egon ondoren, gerra ontzidiko almirante nagusi izendatu zuten eta veneziarrak menderatu zituen Kiosen 1696an. Belgradeko gobernaria zen bisir izendatu zutenean (1699).  v  Numan Paxa. Inperio otomanoko bisirra (Istanbul, 1670 - 1719). Fazil Mustafaren seme zaharrena zen. Austriarren aurkako espedizio batean parte hartu zuen 1696an eta Mustafa II.aren alabarekin ezkondu zen ondoren. Bisir izendatu zuten 1710ean baina kargua utzi behar izan zuen aste batzuen ondoren, Errusiarekiko bake hitzarmena hautsi nahi zuela eta.