Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Koperniko, Nikolas

(Polonieraz Nicolaj Kopernik). Poloniar astronomoa, matematikaria eta kosmologoa (Torun, 1473 - Frombork, 1543). Oso ospetsua egin zen hilda gero proposatu zuen planeten higidurari buruzko teoria heliozentrikoari esker. Kopernikok unibertsitateko ikasketak egin zituen Polonian, eta Italian. 1503. urtean Poloniara itzuli zen eta Fromborg-eko katedralean kargu garrantzitsu bat lortu zuen. 1497. urtean lehen astronomia behaketa egin zuen. Lurra unibertsoaren ardatza zela zioen teoria klasikoarekin ez zegoen ados; haren kontra, planetak Eguzkitik gertu irudikatzen zuen puntu baten inguruan bira egiten zutela zioen teoria landu zuen urte askoz, Europako lehen teoria heliozentrikoa alegia. 1510 eta 1514 bitartean, Kopernikok bere teoria jasotzen zuen Commentariolus izeneko eskuizkribua eskuz esku zabaldu zuen, 1540. urtea arte ez baitzuen onartu bere obra osoa argitaratzea, Des revolutionibus orbium cœlestium izeneko obra nagusia alegia; bizitzako azken urtean ikusi zuen aipaturiko liburuaren bukaturiko kopia. Kopernikoren teoria ez zuten astronomilariek onartu, Kepler-ek frogatu zuen arte. Nolanahi ere, eragin handia izan zuen nola zientzian hala filosofian, eta zientzia teorikoaren eta zientzia esperimentalaren arteko bereizketa ere berarekin hasi zela esan daiteke.