Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Konfuzio

(Txin. K’ong-Fu-tseu). Txinar filosofoa eta maisua (Lu, K.a. 551 - K.a. 479). Umezurtza eta behartsua zen. Lu herrialdean bizi zen eta hango administrazioan lan egin zuen; 492. urtean Lu utzi behar izan zuen eta hara-hona ibili zen printzeei bere zerbitzuak eskaintzen. Azkenean bere herrian egoteko baimena eman zioten, eta eskola bat sortu zuen hiriburuan. Garai hartan Zhou dinastia gainbehera zihoan, eta arazo politikoak konpontzeko Konfuziok hezkuntzan oinarritutako irtenbidea proposatu zuen: gizakiak, agintariak nahiz mendekoak, hezteak ekarriko zuen gizarte arazoen konponbidea. Konfuziorentzat gizakia heztea norberak bere baitan duen berezko indar bat aurkitu, piztu eta lantzea zen. Bertute horri Konfuziok ren (jen) esaten zion, hitz hori oso zentzu zabalean erabiltzen bazuen ere. Konfuziorentzat, ren-a izatea bertute hori gorengo mailaraino eramatea esan nahi zuen, alegia, ren-a zuenak bere burua hobetu nahi zuen eta besteei lagundu nahi zien hobeak izan zitezen. Horretan saiatzen zena junzi zen, “gizon prestua”. Junzi-ak hezteko Konfuziok king izeneko sei liburu klasikoz baliatuz poesia, historia, musika eta antzinako kultura irakasten zuen. Bere pentsamoldea idatziz jarri ez bazuen ere, haren jarraitzaileek Lun Yu (Elkarrizketak) izeneko liburu batean bildu zituzten haren irakaspenak. Hil ondoren jainko izendatu zuten eta haren jarraitzaileak filosofia bat sortu zen, konfuzianismoa.