konfuzianismo
iz. Konfuzioren jarraitzaileek, haren irakaspenak oinarritzat harturik, haren jarraitzaileek kosmogonia, gizartearen ordena, aginte, moral eta metafisikari buruz sortu zuten filosofia. Konfuzioren jarraitzaileek era askotara interpretatu zituzten maisuaren irakaspenak eta konfuzianismoan mendez mende hainbat eskola eta joera, maiz kontrajarriak, izan ziren. Konfuzianismoaren kosmogoniaren abiapuntua yin eta yang kontzeptuak dira, hatsapen negatiboa eta positiboa, elkarren arteko eraginez zerua, lurra eta izaki guztiak sortu zituztenak. Gobernuak familia patriarkalaren eredua jarraitzen zuen: zeruak izendatutako enperadorea herriaren aita onbera baten gisakoa zen. Konfuzianismoaren moralaren arabera, gizaki guztiak onak dira berez eta zintzo izateko bidea idazle klasikoen obrak ikastea da. Giza harremanak elkarrekikotasunean oinarriturik daude eta bost dira gizakiaren bertuteak: onginahia edo maitasuna, beste bertuteen jatorria; justizia, bakoitzari bere lekua ematen diona; gurasoenganako maitasuna, edo eskubideak errespetarazten eta eginbeharrak betetzen erakusten duen begirunea; jakintza, ongia eta gaizkia bereizten dituena; eta egiatasuna. Konfuziok ez zuen arimari edo hilezkortasunari buruzko inolako irakaspenik eman; konfuzianismoaren jarraitzaileek izadia eta arbasoak gurtzen dituzte. Konfuzio hil eta handik urte askotara konfuzianismoa erlijio bihurtu zen; K.a. II. mendean Han dinastiak erlijio ofizialtzat hartu zuen eta Konfuzio bera jainkotua izan zen.