Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

komunismo

iz. Jabego pribatua ezabatzean oinarritzen den ekonomia eta gizarte sistema. || Alderdi komunisten politika eta doktrina.  v  Komunismoa gizarte eredu ideal bat da, justizia eta berdintasuna dituena oinarri; gizarte ideal horretan ez legoke klaserik, ez produkzio baliabideen jabetza pribaturik, ez estatu zapaltzailerik, askatasun guztiak, hala gizabanakoarenak nola gizartearenak, gizonen eta herrien elkartasunean eta adiskidetasunean oinarrituko bailirateke. Ez da inon lortu halako antolaketarik, baina badira teoriak edo ereduak halako gizarte idealera iristea helburu dutenak. Garrantzi handieneko teoriak sozialismo zientifikoa edo marxismoa eta sozialismo libertarioa edo anarkismoa dira. Marxismoaren barnean bi eredu edo adar sortu dira: 1) marxista-leninista, gizarte komunistara iritsi aurretik proletarien diktadura ezarriko den aldi bat proposatzen duena; 2) sozialista, Marx-en dotrina ikuspuntu berri batetik hartzen dutena. Desberdintasun nabariak daude bi ereduen artean. Hala, eredu marxista-leninista ortodoxoan ez dira onartzen alderdi politikoak eta ideologia desadostasunak, alderdi komunista baita legearen barruan dagoen bakarra. Eredu sozialistan, berriz, aniztasuna onartzen da eta produkzio baliabideak gizarte osoaren interesen arabera kontrolatzea proposatzen da, hau da, produkzio baliabideak ez uztea beren irabazi eta mesederako erabiltzen dituzten talde edo klaseen esku. Alderdi bakarreko komunismoaren eta sozialismoaren artean maila eta era askotako erdibideko teoriak eta alderdiak sortu dira.  v  Historia. Komunismoa K.a. IV. mendean agertu zen, gizarte teoria gisa, Antistene eta Diogenes filosofo zinikoen obretan; haien pentsamenduaren arabera, gizonak izadiaren moldeen arabera bizi behar zuen eta ondasun guztiak gizartearen esku utzi, denen artean erabiltzeko. Lehen kristau taldeetan ere ondasun guztiak taldearenak ziren. Geroago, pentsalari asko izan ziren ideia hori landu zutenak, Thomas More, Campanella, Meslie, Mably eta Morelly, besteak beste; horiek guztiek eragin handia izan zuten Graco Babeuf-engan (1760-1797). XIX. mendean pentsalari askok ideia komunistak hartu zituzten oinarritzat: Owen, Cabet, Fourrier eta Saint Simonek, besteak beste. Azkenik, Marxi eta Engelsi zor zaie komunismoak gaur egun duen esanahia; hala, haien Manifest der Kommunistischen (Komunisten Manifestua) obra komunismoaren ideologiaren oinarritzat hartzen da. XIX. mendean sortu ziren ideologia komunistako lehen alderdiak. 1864an Marxen ekimenez eratu zen Lehen Internazionala. Mugimendu iraultzaile desberdinak koordinatzea zen haren asmoa, baina ez zuen aurrera egin, anarkistak eta Alemaniako Sozialdemokrazia Internazionaletik bereizi eta haren kontra agertu baitziren. Bigarren Internazionala 1889an eratu zen eta banaketa berri baten ondoren bi joera berri agertu ziren, sozialdemokratena eta muturrekoa; muturreko joera hartatik sortu ziren geroago alderdi komunistak. Sobieten iraultza Errusian nagusitu eta Sobiet Batasuna sortu zenean, sistema politiko berri bat ezarri zen, eta komunismo izena eman zitzaion hari. Gero, 1945etik aurrera, Europako ekialdera hedatu zen eta geroago Kubara, Txinara eta Ekialde Urrunera. Sobiet Batasuna desegin ondoren, haren harira sortu ziren estatu komunistak ere desagertuz joan dira.