Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kleopatra

Antzinako Egiptoko erregina, izen horretako zazpigarrena ( ?, K.a. 69 - Alexandria, K.a. 30). Ptolomeo XI.aren alaba zen, eta bere anaia gazteagoarekin (Ptolomeo XII.a) ezkondu zen, garai hartan ohi zenez. Julio Zesarrek lagundurik, aginpidea kendu zion senarrari; erreinuak, hala ere, Erromaren mendekoa izaten segitu zuen. Senarra hil zenean, beste neba batekin (Ptolomeo XIII.a) ezkondu zen Kleopatra; aldi berean Zesar-en maitale zen, ordea, eta seme bat izan zuen Erroman, Zesarion izena eman ziona (gerora Ptolomeo XIV.a izan zena). Zesar hil zutenean, Egiptora itzuli zen. Marko Antonio bisitan joan zitzaiolarik, hartaz maitemindu zen. Bere aginpidea indartzeko baliagarria izan zekiokeela iritzirik, senartzat hartu zuen (K.a. 36). Erromatarrak kontra zeuden, ordea, eta Oktaviok (gero Augusto izena hartuko zuena) bien armadei kontra egin eta garaile izan zen Actium-go itsas guduan (K.a. 31). Marko Antoniok eta Kleopatrak beren buruez beste egin zuten. Gorabehera guztiok literaturarako gai oparoa izan dira. Horien artean ospetsuena, Shakespeareren Antonio eta Kleopatra antzerki lana da.